Eragin txikia izan du ibarrean Gipuzkoa Anbulantziak enpresaren grebak

Gorka Etxabe 2004ko urt. 13a, 09:35
Gipuzkoa Anbulantziak enpresako langileek mugagabeko greba hasi dute. Debagoienean zerbitzu minimoak jarri dituzte, eta grebak ez du eragin handirik izan. Era berean, Arrasateko Eskualde Ospitaleko arduradunek esan digutenez, Gipuzkoa Anbulantziak enpresak eskaintzen duen zerbitzua ez da batere ona.

Larrialdietan eta errehabilitazioan

Errehabilitazio zerbitzura gerturatzen diren gaixoek erabiltzen dituzte batez ere Gipuzkoa Anbulantziak enpresako autoak. Debagoienean sei anbulantzia daude, eta horiek eskaintzen diote zerbitzua Eskualde Ospitaleari. Batez ere, larrialdietan eta errehabilitazioan izaten dute anbulantzia beharra.

Arrasateko Eskualde Ospitaleko larrialdietako kide batek esan digunez, askotan izaten dituzte arazoak anbulantziekin. Kontua da arratsaldeetan anbulantzia bakarra izaten dela ibar osorako. Hori horrela, gaixo bat beste ospitale batera eraman behar izaten dutenean, denbora luzez egoten dira anbulantziaren zain, eta larrialdietako ohe bat okupatuta egoten da tarte horretan.

Antzerako arazoa izaten dute alta emandako pertsonekin. Batzuetan, gaixo horiek anbulantzian eraman behar izaten dituzte etxera, eta denbora luzez egoten dira anbulantziaren zain. Larrialdi zerbitzuko kideak esan digunez, anbulantzia gehiago egon beharko lirateke.

Mugagabeko greba

Aurreko hilean ere egin zituzten zenbait lanuzte Gipuzkoa Anbulantziak enpresako langileek, eta orain, mugagabeko greba hasi dute. Hala ere, ez dute askorik igarri Arrasateko Eskualde Ospitalean.

Hiru anbulantzia arituko dira lanean, eta horiek eskainiko dituzte gutxiengo zerbitzuak. Enpresako langile batek esan digunez, normalean baino 10-15 minutu gehiago itxaron behar izango dute gaixoek, grebak irauten duen bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak