Hamaika proiektu egin gura dituzte aurten Debagoienean

Gorka Etxabe 2004ko urt. 8a, 09:21
Kultura ekipamenduak, berrikuntza guneak, zaharberritze lanak eta beste zenbait proiektu egin gura dituzte oraingo urtean Debagoienean. Besteak beste, Arrasaten lurrazpiko aparkaleku berria egingo dute, gaur egungo laubideko aparkalekutik gertu.

Arrasaten Garaia berrikuntza gunearen eraikuntza lanak hasiko dira otsailean. Obra garrantzitsua izango da Debagoienerako eta eragina izango du ibarreko herri guztietan. Era berean, Olandixoko tunela egiteko aurre proiektua ere idatziko dute. Oso bestelako proiektu bat ere egingo dute Arrasaten. Garagartza auzoan jubilatuendako ortuak egingo ditu-eta Udalak. Laubide inguruko lurazpiko aparkalekuko lanak ere laster hasiko dituzte.

Bergaran martxoan hasiko dituzte Agorrosingo kirolguneko lanak. Era berean, Barrenkalen erakusketa aretoa egingo du Udalak, Arostegi etxean. Udaberrirako egin nahi dute.

Oñatin Kiroletxeko zaharberritze lanak egingo dituzte oraingo urtean. Era berean, udazkenerako espero da Arantzazuko Santutegiko lanak amaituta egotea. Gomistegiko artzain eskolan ere zaharberritze lanak egin nahi dituzte. Dena dela, proiektua eztabaidatzen ari dira eta oraindik zehaztu gabe dago.

Aretxabaletan kultur ekipamendua egin nahi du Udalak. Dena dela, oraindik ez dago adostasunik. Era berean, etxebizitza mordoa egingo dituzte Aretxabaletan. Etxebarriko zelaian egingo dituzte etxebizitzak, guztira 365. Horietatik % 65 babes ofizialekoak eta tasatutakoak izango dira.

Eskoriatzan Santa Ana auzoko urbanizazioa egingo dute, milioi bat euroko aurrekontuarekin. Gainera, gaztelekua edo gaztekantoia ere egingo dute. Irailean, berriz, Ibarraundi baserrian museoa inauguratuko dute.

Aramaion, ostera, udaletxea zaharberritu behar dute. Lanak hil honetan bertan has daitezke. Gainera, beste hainbat proiektu ere abiaraziko dituzte, baina oraindik aurrekontuak prestatzen ari dira.

Elgetan, "Espaloia kafe antzokia"-ren lanak egingo dira: argiak eta soinua, taberna, jatetxea, taulako elementuak, egoteko lekuak... Urte berriarekin batera hasi dira lanok, hilaren 7an, eta sei hilabetean amaituta egon behar dutela esan digute udaletik. Debagoienak izango du kafe antzoki bat uztailerako. Etxebizitzak ere egingo dira Elgetan, 16 etxebizitza eraikiko dira Torrealdean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak