Lehenengo egunean 2.000 ibilgailu inguru autobide berrian

Monika Belastegi Aranzabal 2003ko abe. 22a, 13:15
Zapatuan inauguratu zuten Eibar-Gasteiz autobidearen lehen tartea; Maltzaga eta Bergara iparra artekoa, hain justu ere. Inaugurazio ekitaldian Gipuzkoako eta Arabako foru aldundietako agintariak eta Debagoieneko hainbat herritako alkateak izan ziren; besteak beste, Victoriano Gallastegi Bergarakoa eta Inazio Lakunza Arrasatekoa.

Maltzaga eta Bergara arteko zirkulazioa nabarmen arinduko du autobide zati horrek. Gaur egun Maltzaga eta Bergara artean 10.000 ibilgailu inguru dabil, eta horietatik 6.000-7.000 autobideak hartuko dituela uste dute.

Aurrerantzean, beraz, Eibar aldera joateko Bergaran autobidea hartzeko aukera izango dugu gidariok, bidesaria ordainduta, noski. Autoen kasuan, 0,70 euro balio du inauguratutako zatiak; lehen mailako ibilgailu astunek 1,25 ordaindu beharko dute; eta bigarren mailako ibilgailu astunek, berriz, 1,40 euro.

Maltzagan hasten da inauguratutako tartea, eta, oraingoz, Bergara iparraldeko lotunera arteko zatia bukatu dute. Hasiera puntuan, Maltzagan, Donostiara eta Bilbora joateko A-8 autobidearekin lotzen da. Beste muturrean, Bergara iparraldeko lotunetik aurrerako bidea oraindik obretan dago.

Segurua, eta ingurumena errespetatzen duena

Autobide moderno eta segurua dela nabarmendu zuten zapatuko inaugurazio ekitaldian. Segurtasuna bermatzeko neurririk modernoenak erabili dituzte. 300 metro baino luzeagoko tuneletan, esaterako, segurtasun neurri hauek jarri dituzte: aireztapena, argiteria, telebista zirkuitu itxia eta edozein gorabehera automatikoki detektatzeko sistema, besteak beste.

Horretarako hain justu berritu dute Ondartza baserria. Han tunelen zaintzarako zentroa jarri dute. Kontrol gela batean uneoro jarraitzen dute tuneletan gertatzen dena.

Ingurumenaren kasuan, natura ingurunearen baldintzak errespetatu dituela azaldu zuten.

Tartearen ezaugarriak

Inauguratutako tartearen enbor nagusia 7,2 kilometro luze da: horietatik 4,5 kilometro lau tunel bikoitzetan barrena dira, eta 770 metro hiru zubibide bikoitzen gainetik. Tunelen kasuan, aipatzekoa da Gallastegiko tunela; 2.410 metro ditu eta oraingoz Autonomia Erkidegoko luzeena da.

Autobide tarteak bi errei ditu noranzko bakoitzerako, Larreategiko zubibidean izan ezik. Izan ere, urtarrilaren 8an bi zubietako batean istripua gertatu zen, eta konpontzeke dago. Eskumako zubiaren egiturako hiru adabaki bere lekutik irten eta zubi zatia zintzilik geratu zen.

Hala, zubi bakarrak hartuko ditu bi noranzkoak; hamar hilabete inguru iraungo dute konponketek. Autobide tartea eraikitzen lau urte eta zazpi hilabete eman dituzte eta aurrekontua 145 milioi eurokoa izan da.

Autobideari jarraipena emango dion hurrengo tartea, Bergara iparra-Bergara hegoa, 2004ko erdialdean bukatuko dute; handik Arrasatera artekoa 2005eko udaberrian bukatuko dute; hurrengoa, Eskoriatzara arteko tartea, 2005ean hasiko dira eraikitzen; eta handik Arlaban artekoa, azkenik, 2004an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak