Gipuzkoako aurrekontuak: Aldundiak onartu ditu oposizioak aurkeztutako 93 emendakin

Irati Agirreazaldegi 2003ko abe. 17a, 21:29
Gastu sozialak izango du igoera handia. Diputatu nagusiak esana zuen ez zela asfaltoaren garaia. Hiru milioi euro gehiago inbertituko dira gastu sozialean. Elgetak ere izango du desiratzen zuen bariantea.

Gobernuan nagusi diren EA eta EAJren proposamenak hainbat emendakin izan ditu. Horietatik 93 onartu dira. PPren emendakinen bat ere onartu da. Gobernuko taldeak esan duenez, oposizioak agertutako negoziazio giroa ona izan da.

PNV-EA, Aralar, Ezker Batua eta PSE-k aurkeztutakoak onartu dira, hauek kasu:

. Milioi bat gehiago Udal egoitzendako.

. Etxez etxeko laguntzarako 500.000 euro gehiago.

. Lanean hasteko zailtasunak dituztenendako 500.000 euro gehiago.

. Emergentzia zerbitzuendako 200.000 euro gehiago.

. Eguneko zentroetarako 300.000 euro gehiago.

. Tele-alarma delakoa laguntzeko 200.000 euro gehiago.

Milioi bat euro sartu dira lur kudeaketarako, eta batez ere etxebizitzen kasuan egin da indarra. 750.000 euro egoera txarrean dauden lurrendako eta 150.000 euro FICOBA laguntzeko.

Baserritarrak ere aintzat hartu dituzte Batzar Nagusietako alderdiek. Sikateak eragindako kalteak ordaintzeko 400.000 euro jarri dira.

Batzar Nagusiek Udalbide programa lagunduko dute eta horrela euskal kultura, herri kirolak eta euskal identitatearekin lotura dutenak lagunduko dira.

Dirua, gehienetan behintzat, bideetatik eta lan hidraulikoetarako pentsatua zegoen dirutik desbideratuko da.

Kultura

Batzar nagusietako taldeek oinarrizko kriterio batzuk ere adostu dituzte eta orain EAJ-EAk aurkeztuko dute plan bat kulturari loturako eraikinak finantzatzeko. 6 hilabete baino lehenago plan integral bat aurkeztuko dute. Aipatzekoa, Koldo Mitxelenaren zerbitzuak Gipuzkoa osora zabaltzeko bideratutako diru-laguntza. Museoen kasuan ere adostu dira jardunbideak.

Elgetan saihesbidea egingo da, azkenean

Aldunditik bidalitako prentsa oharrean eta baita Aralar alderditik bidalitakoan ere aipatzen da Debagoieneko herri batek jasoko duen onura. Elgetan 20 urtetik gora dihardute saihesbidea eskatzen eta azkenean badator, itxura denez. Bi alderdiek negoziatutako puntua izan omen da. 2004ean proiektua aprobatuko da eta lurrak erosiko dira. 2005 urtearen haseran lanak hasiko lirateke. Bigarren zatiari dagokionez, 2004an egingo da ibilbideari dagokion proiektua eta 2006an egingo da bidea egiten hasteko proiektua. Zaldibiako saihesbidea ere egingo da.

Ondorioa

Badirudi negoziazioarako borondate ona egon dela. Horixe nabarmendu dute, behintzat, Aldunditik bidalitako prentsa oharrean. Han diotenez, 2004an Gipuzkoak izango ditu aurrekontu hobeak. Aurrekontu hobea izango omen dugu gipuzkoarrok ideologien gainetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak