Javier Madrazo sailburuak oso pozik dagoela adierazi du Arrasate Irratian. Esan duenez, pena ere izan du batzuk etxebizitza gabe gelditu direlako, baina datorren urtean beste 208 etxebizitza zozketatuko dituztela adierazi du. "Gaur zozketatuko dituzten etxebizitzak datorren urtean hasiko dira eraikitzen eta 2006 urtearen hasierarako amaituta egongo dira lanak", esan du sailburuak.
Joseba Ugalde Arrasateko Udaleko zinegotzia ere pozik agertu da zozketa amaieran. Adierazi duenez zozketa garbia izan da, "aurreko egunetan etxebizitzak adjudikatuta zeuden zurrumurrua zabaldu bada ere, zozketa guztiz garbia izan da".
Etxebizitza egokitu zaionetariko bat da Itsaso Errasti, eta Arrasate Irratian adierazi duenez, benetako Olentzero izan da etxebizitza lortzea. "Esperantzarik ez nuen eta oso pozik nago orain", esan du Itsasok.
Ixiltasuna nagusi
Guztiek nabarmendu dutenez, ixiltasuna izan da nagusi zozketan. Horrelako zozketetan normalean egoten den giroa faltan bota dute antolatzaileek.
Hamabost urtez etxebizitza horietan bizitzeko aukera izango dute etxea egokitu zaien debagoiendarrek.