Babes ofizialeko etxebizitzak egokitu zaizkie 95 debagoiendarri

Usoa Agirre 2003ko abe. 15a, 15:43
Gaur eguerdian egin da Arrasateko Uarkape pilotalekuan, babes ofizialeko 95 etxebizitzen zozketa. Zozketa amaitutakoan, aurpegi alaiak eta tristeak ikusi dira pilotalekuan. Ixiltasuna izan da nagusi zozketan. Etxebizitza horiek Arrasaten eraikiko dira, Zerrajerako orubean, eta alokairuan emango dira.

Javier Madrazo sailburuak oso pozik dagoela adierazi du Arrasate Irratian. Esan duenez, pena ere izan du batzuk etxebizitza gabe gelditu direlako, baina datorren urtean beste 208 etxebizitza zozketatuko dituztela adierazi du. "Gaur zozketatuko dituzten etxebizitzak datorren urtean hasiko dira eraikitzen eta 2006 urtearen hasierarako amaituta egongo dira lanak", esan du sailburuak.

Joseba Ugalde Arrasateko Udaleko zinegotzia ere pozik agertu da zozketa amaieran. Adierazi duenez zozketa garbia izan da, "aurreko egunetan etxebizitzak adjudikatuta zeuden zurrumurrua zabaldu bada ere, zozketa guztiz garbia izan da".

Etxebizitza egokitu zaionetariko bat da Itsaso Errasti, eta Arrasate Irratian adierazi duenez, benetako Olentzero izan da etxebizitza lortzea. "Esperantzarik ez nuen eta oso pozik nago orain", esan du Itsasok.

Ixiltasuna nagusi

Guztiek nabarmendu dutenez, ixiltasuna izan da nagusi zozketan. Horrelako zozketetan normalean egoten den giroa faltan bota dute antolatzaileek.

Hamabost urtez etxebizitza horietan bizitzeko aukera izango dute etxea egokitu zaien debagoiendarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak