Lurralde Zatiko Plana tarteko dela, Urkulun 1000 etxebizitza egitea dago pentsatua, Bedoña eta Eraña auzoen artean. Horietatik 300 Arrasaten, 400 Aretxabaletan eta beste 300 Eskoriatzan. Gainera, Eusko Jaurlaritzak nahi du ur parkea eta beste hainbat azpiegitura egitea. Horren guztiaren kontra elkartu dira hainbat gizarte eragile eta ekintza ezberdinak antolatu dituzte. Hilaren 16an prentsaurrekoa eskainiko dute Arrasaten, 17an hitzaldia egingo dute Eskoriatzan. Abenduaren 20an, berriz, mendi martxa antolatu dute Aretxabaletatik Urkulura.
Ezker Batua eta Aralar alderdiak, CCOO, UGT, LAB eta ESK sindikatuak, ekologistak martxan eta elkar-lana taldeak eta Besaide mendi elkartea dira mozioa aurkeztu dutenak. Talde horiek eskatzen dute informazio gehiago Lurralade Zatiko Planaren gainekoa.
Eskoriatzako Udalak azaroaren 27an onartu zuen mozioa. Gizarte eragileen asmoa da Aretxabaletan eta Arrasaten aurkeztea mozioa. Hori, baina, datorren hilabetean izango da.
Mozioak eskatzen duena
Mozioak zera eskatzen du; Arrasate-Bergara Lurralde Zatiko Planaren beste erakustaldi publiko bat egitea eta Urkuluko Habitat Alternativo deiturikoa baztertzea planetik. Mozioa Gipuzkoako Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara bidaliko dute.