Goiena.net: Debagoieneko ataria Interneten

Goiena 2003ko aza. 28a, 14:53
Abenduaren 2an, martitzena, egingo da goiena.net Interneteko atariaren aurkezpena, Arteagan. Goiena kooperatibak abian jartzen duen atari berri honen bidez, debagoiendarrok informazioa inoiz baino azkarrago jaso ahal izango dugu, eta geu ere informazio emaile bihurtu.

Ekimen aitzindaria

Ekimen aitzindaria

Goiena.net webguneak eskaintzen digu debagoiendarroi informazioa jasotzeko modu berri bat. Hori posible da Interneten abantaila guztiak debagoiendarron mesedera ipintzen dituelako goiena.net-ek. Lehen ere, Debagoieneko herri gehienek bazituzten euren webguneak, baina orain, horien lekua hartu barik, haien eskaintza bildu eta borobiltzen duen ataria da goiena.net.

Ekimen hau aitzindari izango da; izan ere, informazioan oinarritutako webgune asko badaude ere, eskualde bat bere osotasunean zerbitzatzen duten webguneen artean lehenengoetarikoa da goiena.net.

Aurkezpen ekitaldia

Atariaren jende aurreko aurkezpena abenduaren 2an izango da goizeko 9:30ean, Arteagan , Arrasateko Garagartza auzoan. Goienako arduradunez gain, Eusko Ikaskuntzako, Mankomunitateko, Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ordezkariak ere egongo dira. Debagoiendar guztiak daude ekitaldira gonbidatuta.

Herri bakoitzak, bere saila

Atari honetan, herri bakoitzak bere sail propioa dauka, eta erabiltzaileak gunea pertsonalizatu dezake, bere herria aukeratuz. Horrez gain, Debagoienak, ibar bezala, bere azpi-ataria dauka goiena.net-en, eta ibar osoari dagozkion albiste eta erreportajeak irakurtzeko aukera du, norbere herrikoetaz gain.

Bai herri bakoitzean, bai eta Debagoienerako atarian ere, albisteez gain, beste sail interesgarri batzuk badaude: adibidez, datozen ekitaldien agenda eta gaurkotasuneko gaiak eztabaidatzeko gunea. Biotan, erabiltzaileen parte hartzea oso garrantzitsua izango da, hitzorduak proposatuz zein eztabaidetan iritzia emanaz.

Erabiltzaileak bidalitako erantzuna bat-batean agertuko da webgunean, beste erabiltzaile batzuek eztabaidatu ahal dezaten. Honekin guztiarekin, ibarrekoentzako topagune birtual izateko jaio da goiena.net.

Harpidetzeko aukera

Erabiltzailearentzako erosotasun osoa eskaintzen du goiena.net-ek; izan ere, harpidedun egiteko aukera dago, doan, eta albisteak posta elektronikoz jaso daitezke. Horrez gain, softwarea erabiltzen oso erraza da, Interneteko erabiltzaile guztion esku. Code & Syntax arduratzen da atariaren alde teknikoaz.

Eta ez da ahaztu behar Interneteko abantailetaz euskara hutsean gozatzeko aukera ere ematen digula goiena.net atariak. Modu horretara, Goiena komunikazio kooperatibak denetariko euskarazko informazio baliabideak jarriko ditu herritarron eskura: prentsa idatzizko medioez, irratiaz eta telebistaz gain, orain, Internet gune bat.

Ataria pausoz pauso

Home page: sarbide nagusia da, www.goiena.net helbidean. Ibarreko izenburu nagusiak, ekitaldi agenda eta herri bakoitzeko izenburuak agertuko dira.

Agenda: egutegi bateko egun bakoitzean klik eginda ikusi ahal izango dugu ekitaldiaren berri, zehaztasun. Herritarrok ere hitzorduen berri eman dezakegu.

Eztabaida: gaurkotasun handiko gaiak proposatuko dizkigu Goienak herritarroi, guk iritzia eman dezagun. Parte hartzea irekia da.

Debagoiena: erabiltzaile bakoitzak bere udalaren inguruko informazioa jaso ahal izango du; izan ere, ibarreko udal webgune guztiak Goiena-net-en integratuta daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak