Lastertasun Handiko Trenari lehentasuna ematea eskatu dute

Irati Agirrezaldegi 2003ko aza. 26a, 14:25
Lastertasun Handiko Trenaren barneko Euskal "Y" trenbide proiektua lehenesteko eskatu dute hainbat gizarte eragilek. Bestalde, AHT Geldirik Elkarlana taldeak manifestaziorako deia egin du plangintza honen aurka protestatzeko.

Ez da berehala martxan jarriko Lastertasun Handiko Trenaren Madril-Gasteiz-Dax ibilbidearen barne dagoen Euskal "Y" trenbide proiektua. Hori dela eta hainbat gizarte eragilek plangintza hau lehenesteko eskatu du Europar Batasunera bidalitako idatzi baten bidez.

Idatziaren sinatzaileen artean daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Komertzio Ganberetako eta Enpresarien elkarteetako presidenteak,Eusko Ikaskuntzako presidentea eta Euskal Herriko, Deustuko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreak.

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak ere, euskal trenbide sare berria Euskadi eta Europa Atlantikoarentzat beharrezkoa dela esan du.

Kezka

Sinatzaileak kezkatuta azaldu dira proiektua berehala martxan jartzekoen zerrendatik kanpo geratu delako. Bestalde, esan dute, Euskal Herria historikoki pasabide pribilegiatua izanik Europako garraio sareetatik kanpo uztea erabaki larria dela, eta etorkizun beltza iragartzen digula.

Gainera, jakinarazi dute azpiegitura hori ez eraikitzeak euskal ekonomiari ondorio txarrak ekar diezazkiokeela. Proiektu estrategikoa izanik, eraiki ezean, gure etorkizun ekonomiko eta soziala kolokan geratuko liratekeelako epe luzera.

Trenaren aurka

Guztiak ez daude Lastertasun Handiko Trenaren alde, ordea. Proiektuak eragingo lituzkeen kalte ekologiko, sozial eta ekonomikoengatik proiektua gelditzeko eta bertan behera lagatzeko hainbat herritarrek egin dute eskakizuna.

AHT Gelditu Elkarlana Taldeak, esaterako, proiektua geldiarazteko ekintza bateratuak deitu ditu, eta horietako bat da, hain zuzen ere, datorren abenduaren 8an Durangon izango den manifestazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak