Partiduari buelta emanda, Rezusta irabazle etxean

Maite Txintxurreta 2017ko api. 22a, 11:22

Harrera beroa egin zioten atzo gauean Bergarako Udal Pilotalekura gerturatu ziren zaleek herriko pilotari txapeldunari aurtengo buruz buruko bere lehendabiziko partiduan. Hasieran Victor errioxarra bera baino gehiago izan bazen ere, Rezustak markagailuan aurre hartu zion eta 22ra iristea lortu zuen.

Atzo Bergarako Udal Pilotalekuan jokatutako jaialdian, duda barik, Beñat Rezusta bergararraren eta Ezcarayko (Errioxa) Victor Estebanen artekoa izan zen ikusmira handiena sortu zuena. Rezusta Iker Irribarriarekin batera eskuz binakako txapela lortzetik zetorren, eta atzokoa izan zen aurtengo buruz burukoan bere lehen partida, non eta etxean, Bergaran. Victorren aurka profesional mailan jokatu duen lehen partida izan da, eta errioxarrak ez zizkion gauzak erraz jarri, inondik inora ere. Alvaro Untoriaren aurka 8-22 irabaztetik zetorren, eta Bergaran ere maila txukuna erakutsi zuen faborito zen Rezustaren aurka.

Hala, partiduko lehen tantoa errioxarrak egin zuen, eta nahiz eta bigarrena Rezustarentzat izan zen, 6-1eraino tanto guztiak Victorrek egin zituen segidan. Izan ere, partidu amaieran bergararrak onartu zuenez, "kosta" egin zitzaion partiduan sartzea. Hortik aurrera, baina, gero eta hobeto jokatzen hasi zen Beñat Rezusta, eta hala, poliki-poliki, 12-12 berdintzea lortu zuen.

Bada, hortik aurrera markagailuan aurretik segitzea lortu zuen urdinez jantzitako Rezustak, nahiz eta alde nabarmenik ez zion atera Victorri: 14-16, 16-18, 17-19... Hala, errioxarrak 19-19 berdintzea lortu zuen partiduaren amaiera aldera, eta, beraz, tentsioa bukaerara arte mantendu zen. Hala ere, azken tantoetan hutsegiteak egin zituen errioxarrak, eta Rezustak hori ondo aprobetxatu eta garaipena errematatzea lortu zuen. Atzera bidalitako pilotakada batekin 22. tantoa egitean, frontoia lehertu egin zen, eta ikusle guztiak zutik jarri ziren herriko pilotaria "Beñat, Beñat!" oihu artean agurtzeko.

Beñat Rezustak herrikideek atzokoan egin zioten harrera eskertu nahi izan zuen, eta adierazi zuen "sekulako babesa" eman izan diotela beti.

Egubakoitzean, Altunaren aurka

Atzokoan irabazita, datorren egubakoitzean izango du Beñat Rezustak buruz buruko txapelketako bere bigarren partidua. Jokin Altuna. izango du zain final laurdenetan, Donostiako Atano II. pilotalekuan. Altuna aurkari "gogorra" izango dela uste du bergararrak.

Mendizabal-Olaizola, gaur arratsaldean

Buruz buruko txapelketan diharduen beste debagoiendarrak, Aitor Mendizabal antzuolarrak, gaur jokatuko du bere bigarren partidua. Lehendabizikoan jaun eta jabe izan zen, Jose Javier Zabaleta hiru tantoan laga baitzuen. Gaurko hitzorduan, baina, erronka gogorra izango du antzuolarrak; izan ere, Aimar Olaizolaren kontra jokatuko du. Nafarra faborito den arren, Aitor Mendizabal duen guztia ematen ahaleginduko da. 18:00etan izango da norgehiagoka, Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Erlazionatuak

Argazki galeria: Victor 19 - Rezusta 22

Maite Txintxurreta 2017 api 22 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak