Ez direlako bateraezin Internet eta adina

Julen Iriondo 2017ko ots. 24a, 12:51
San Joxepekoak, Interneti buruzko ikastaroan.

Sareari eta ordenagailuak ematen dituen beste aukera batzuei buruzko ikastaroak ari dira egiten asteotan San Joxepe erretiratuen elkartean. Eskoletan ari direnek aukera ugari ikusten dizkiete baliabideoi, eta haietan trebatzeko ahaleginean ari dira fin.

Pentsa, gaur eguneko pen drive-en aitzindari izandako disketeak merkatura agertu zirenerako, aurreko mendeko 70eko hamarkada hasieraren bueltan, 20 urte inguruko gazte ziren Arantxa Beraza, Pilar Altuna eta Jose Luis Lizarralde. Ordura arte, halakorik batere ez; are gehiago, haiek mundura etortzea eta ordenagailua asmatzea –eta, noski, ez gaur egungo moduko erabilera eta erabiltzaile aniztasunarekin; horretarako, urte batzuk gehiago pasako ziren–, garaitsu berean. Eta ordutik hona zenbat aldaketa eta aurrerapen arlo horietan! Ulertzekoa belaunaldi berrienei guztiz naturalak eta berezkoak iruditzen zaizkienak, gutxi asko, sorginkeria iruditzea lehenagokoei.

Baina, hala ere, joera berriotan bazterrean geratzerik nahi ez eta haiek aprobetxatu guran dihardute, adibidez, San Joxepe elkartean. Argazkiak ukitzeari, testu dokumentuak sortu eta diseinatzeari eta Interneti buruzko ikastaroak dituzte asteotan, eta horietan ari dira hainbat eta hainbat erretiratu.

Interesgarri, onuragarri

Ane Untzurruntzagak dihardu irakasle Interneti buruzko ikastaroan. Oinarrizko jakin beharrekoak irakasten dizkie, erretiratuentzat erabilgarri izan daitezkeen adibideekin: esaterako, Tolosako Inauterietara joateko, eguraldiaren eta autobus zerbitzuaren berri non jaso dezaketen jakiteko Interneteko bilatzailea erabiltzen, webgune horietara iristen eta, behin iritsita, haietan moldatzen ari zitzaizkien azaltzen irakaslea aurreko asteleheneko saioan: "Beti etortzen dira gogoz, eta saiatu egiten dira", zioen Untzurruntzagak.

Arantxa Berazak dio berarentzat oso gauza berriak direla, harreman "oso gutxi" izan duela orain arte teknologiokin. "Gure ume garaia arkatzarena eta arbelarena izan zen; guk ez genuen ordenagailurik, gure gazte denboran idazteko makina, bestela...", Pilar Altunak. Baina animoso, hala ere: "Teknologia berri hauek ez ditugu dominatuko agian, baina posible baldin bada horien bitartez gure bizimodua errazago egitea, aprobetxatu egin behar ditugu". Jose Luis Lizarralderen ustez, gainera, gauza asko "erraztuta" daude, "guk erabiltzeko moduan", dio: "Zerbait gaizki eginez gero, botoi bati eman eta atzera joaten da. Hori lehen ezin zen egin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak