Beñat Rezusta: "Gurea egiten badugu, irabazteko aukerak izango ditugu"

Imanol Beloki Unamuno 2016ko mar. 30a, 16:59

Beñat Rezustak binakako pilota txapelketako finala jokatuko du Irujorekin batera, Olaizola eta Urrutikoetxearen aurka. Partidua bi aste barru izango da Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Bergararraren lehen finala izango da lehen mailan, eta lasai dagoen arren, partidura ondo heldu nahi du, bertan dena emateko, nahiz-eta aurkari gogorrak izan.

Beñat Rezustari elkarrizketa

Apirilaren 9an binakako finala, urduri?

"Oraingoz nahiko ondo. Egun batzuk ditugu entrenamendu batzuekin partidua ondo prestatzeko, eta ahalik eta ondoen ailegatzen saiatuko gara".

Nola joan da orokorrean txapelketa?

"Hasiera batetik ondo hasi ginen partiduak irabazten, eta denbora izan dugu prestatzen joateko nahiko azkar sailkatu ginelako. Lan gehiago izan dugu finalaurrekoetan, izan ere lehengo partidua galduta behartuta geunden hurrengo biak irabaztera".

Finala nola aurreikusten duzu?

"Zaila eta gogorra izango da. Finalaurreko lehen partiduan nahiko erraz irabazi ziguten. Biak hasieratik ziren aurkari gogorrak eta txapelketa aurrera joan ahala eurek ere gora egin dute, momentu honetan zaila da Olaizola eta Urrutikoetxeari irabaztea".

Zure lehen finala lehen mailan, irabazteko gogoz?

"Behin helduta duda barik. Txapelketa aurretik sinatuko genuke finaleraino heltzea, baina behin honaino helduta inor ez doa galtzera. Zaila daukagu, bikote zailena delako, baina guk geure lana ondo egitera irtengo gara".

Zure ibilbidea azkar joan da, maila honetan mantentzeko amoz?

"Nahi bai, zaila izango da, baina hori da asmoa. Garbi dago enpresako aurrelari onenarekin jokatu dudala aurtengo txapelketa, baina uste dut maila honetako partiduak jokatzeko gai naizela ni ere".

Irujorekin jokatzeak abantaila ematen du?

"Bai asko laguntzen du berak, tantoak bukatzeaz gain, lan zikina egiten du, atzelariari lagundu, airez pilota zailak kendu…"

Aurkariek ere txapelketa ona egin dute, zein da irabazteko modua?

"Orain momentu onean daude, Aimarrek ondo defenditzen du, Urrutik ere… Azken aldian airez ere ondo ari da… Gure asmoa zuloak bilatzea, eta hauek aprobetxatzea izango da".

Bilboko Bizkaia frontoia leku aproposa finalerako?

"Agian eurentzat aproposa da. Altura bilatzea erraza da bertan, eta eurek ondo bilatzen dute hori. Guk ahal duguna egingo dugu".

Frontoia beteta izateak hobeto jokatzera bultzatzen du, edo urduritasuna irteten da?

"Hasiera baten inpresioa sortzen du, baina frontoia beteta jokatzea dagoen gauzarik onena da. Halako egunak oso politak dira, baina ezta erraza…"

Irabazi edo galdu ospatzeko asmorik?

"Ez dugu ezer garbirik antolatu, lagunak animatzera etorriko dira, eurentzat jai egun bat da. Ni sekulako gogoaz nago eta eurak ere hala daude. Etxekoen, lagunen, ingurukoen… en animoak beti laguntzen dute. Aukera oso polita da eta ea aprobetxatzeko aukera dugun".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak