Bergarako 43 langileri eragiten die zuzenean ArcelorMittalek Zumarragan jarduera eteteak

Leire Kortabarria 2016ko mar. 15a, 15:46
ArcelorMittalen lantegia Bergaran.

ArcelorMittalek “neurri baten jarduerari eten” egingo dio Zumarragako lantegian, gaur, martitzena, goizean jakinarazi duenaren arabera. Lantegiko 325 langileak –tartean, bere egunean Bergarako lantegitik eroandakoak– beste lantegi batzuetan ipintzeko negoziatzen dabil orain multinazionala. Bergaratik eroandako 43 langilek ziharduten Zumarragan, nahiz eta ofizialki Bergarako lan-taldeko kide izaten jarraitzen zuten.

ArcelorMittalek “merkatuaren egoera bereziki zaila” eman du erabakirako arrazoi gisa. Prentsa oharrean esaten duenez, merkatuaren gainbeherak 2012a ezkero marjinak %20 baino gehiago murriztea ekarri du, eta horrek Zumarragako lantegiari eragin dio. Kalitatea, kostuak eta prozesuen eraginkortasuna hobetzeko “lantegiko zuzendaritzak zein langileek ahalegin handiak” egin dituzten arren, “inportazioak hazi izanak eta produkzioaren kostu ez lehiakorrak, elektrizitatearen prezio handiaren eta txatarra kostu handian inportatzeko beharraren erruz, jasan ezineko galerak ekarri dituzte”.

Multinazionalak enpresa batzordearekin kontsulta-epea irekiko du datozen egunotan, langileendako plangintza sozial bat adosteko. Bestalde, datozen asteotan Zumarragan egiten ziren lanak beste lantegi batzuetara eroango ditu.

Lehengaiarengatik kezkatuta

Bergarako lantegiari ere eragiten dio erabaki horrek, eta gaur arratsaldean batzartzekoak dira enpresako ordezkariekin. Bere egunean Bergaratik Zumarragara lekualdatutako 43 langileek “Bergaran edo Olabarrian lekua” izan behar dutela uste dute. Orain arte, 2009an Bergarako altzairu-fabrika itxi eta hango langileak Zumarragara lan egitera bidali zituztenetik, 43 langile horiek akordio berezi baten mende egon dira eta, berez, Bergarako lan-taldekoak izaten jarraitu dute.

Bestalde, Bergarako langileen beste kezketako bat da orain arte Zumarragatik ekartzen zuten lehengaia aurrerantzean nondik ekarriko dieten, izan ere, “Bergaran ekoizpenak jarraitu egin behar du”, enpresa batzordeak dioenez.

Horrez gain, eta berriki ArcelorMittalekin hitzarmena urte betez luzatzeko akordioa egin zuten arren, Bergarako langileek lantegiaren etorkizunaren gainean “kezkatuta” jarraitzen dutela berretsi dute.

Jaurlaritzaren eta Aldundiaren agerraldiak

ArcelorMittalen erabakia baloratzeko prentsaurrekoa egingo dute bai Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok, bai Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak gaur arratsaldean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak