Bergarako alkatearen soldatak eztabaida eragin du osoko bilkuran

Julen Iriondo 2016ko urt. 19a, 14:43

Asteleheneko ezohiko osoko bilkuran onartu zen Elena Lete alkatearen soldata, Gobernuko alderdien botoarekin. 4.791,93 euroko hamalau paga izango ditu urtean. %100 liberatuta jardungo du Letek alkate. 

EH Bilduk eta Irabazik kontrako botoa eman zuten bozketan. Oposizioko alderdientzat "proportzioz kanpokoa" da Bergara moduko herri bateko alkateak "urtean 70.000 euroko soldata [soldata gordinari antzinatasuna gehituta irteten dena]" edukitzea.

Irabaziko Aiert Lizarraldek aurkakotasuna arrazoitu zuen esanez "Estatu mailako hiriburuetako alkateen soldatara" gerturatzen dela Bergarakoarena. EH Bilduko Agurne Barrusok, berriz, hainbat datu eman zituen osoko bilkuran. Azaldu zuen Bergarako alkate baten inoizko soldata handiena dela, eta bigarrenarekiko urteko "10.000 euroko aldea" dagoela. Orain arteko soldata altuena Victoriano Gallastegirena zen: 59.797 euro urtean.

Baina alkatearen soldata bakarrik ez, EAJko hautetsi liberatuen gastua ere kritikatu zuen oposizioak. Agurne Barrusok azaldu zuen EAJko bi liberatu eta erdiek 128.000 euro jasoko dituztela soldatetan, eta konparazioa egin zuen Bilduren aurreko agintaldiko kopuruekin [2015ekoekin]: aurrekontuan 123.000 euroko aurreikuspena onartu zen [agintaldiko kopuru handiena], baina liberatuengatiko [hiru eta laugarren bat %20ko jardunarekin]Udalaren gastua 90.500 euroan geratu zela zioen [balizkoa, urte amaierara arte gobernatzen jarraitu izan balute], liberatu baten soldata alderdiei dagozkien asignaziotik ordaintzen zutelako.

EAJk oposizioaren kritikei erantzunez esan zuen alkateari ezarritako soldatak orain arte Bergarako Udalean erabilitako irizpidea betetzen duela. Alkateak berak adierazi zuen hori dela Jaurlaritzan zuen kargutik zekarren soldata, eta, soldata horrez gain, "esperientzia bat" eta "konpromisoa" ere badakartzala, eta hori ere kontuan hartzekoa dela. Jasoko duen kopurua "guztiz orekatua" dagoela zioen Elena Letek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak