Alberdik errenuntzia aurkeztuta, Lete gertu dago alkatetzaren ardura hartzeko

Maite Txintxurreta 2015ko abe. 22a, 09:12

Atzo iluntzean egindako ohiko osoko bilkura izan da 2015. urteko azkenengoa Bergarako Udalean, baita Juan Jesus Alberdirena ere. "Ez da nik nahi nuena" adierazi du Alberdik, eta gaineratu du balitekeela etorkizunean erabakiaz damutzea. Letek adierazi du "ohorea" eta aldi berean "erantzukizun" handia izango dela alkate izatea, baina gertu dagoela dio.

"Aurrerantzean ezinezkoa egiten zaidanez orain arte egin dudan bezala nire lana Udalean eta enpresa pribatuan uztartzea, alkate eta zinegotzi karguei uko egiten diet". Hala dio Juan Jesus Alberdik aurkeztutako errenuntzia oharrak. Atzo arte alkate zenak, udal korporazioari eta herritarrei konfiantza "eskertu" zien, baita gaizki eginagatik kaltetuta sentitu direnei barkamena eskatu ere. Hunkituta azaldu zen Alberdi, eta txaloak jaso zituen pleno aretoan bildu ziren hainbat herritarren partetik.

Horren ostean, Elena Letek hartu zuen hitza: "gu gara zuri eskerrak eman behar dizugunak", esan zuen. Bukatzeko, EH Bilduko Agurne Barrusok ere "zorte ona" opatu zion Alberdiri.
Bere lantaldearengan konfiantza duela adierazi zuen Alberdik: "taldea oso sendoa da eta Elena ere oso baliagarria da".

Ohorea eta erantzukizuna

"Ohore bat da norberaren herrian herrigintzan alkate moduan lan egitea, baina horrek ez du esan nahi erantzukizun handia ez denik", dio Elena Letek. Gaineratu du erantzukizun hori bere gain hartzearen erabakia "zaila" izan dela. "Lan berri bat da niretako; Udal barruko hainbat arlo ezagutzen ditut, baina inoiz ez diet arazoei erantzun bat ikuspuntu berri honetatik eman", dio. Gaineratu du espero duela guztien artean, Udal gobernu taldearekin zein oposizioarekin, "aurrera" egitea.

Igor Oiarbide udalbatzara

Alberdiren kargu uztearekin, EAJ alderdiko zerrendan hurrengoa den Igor Oiarbide sartuko da zinegotzi gisa udalbatzan. Era berean, alkateordea Ander Alberdi izango da, eta bigarren alkateordea, berriz, Maite Agirre. Udal gobernua osatzen laugarrena Lander Arregi izango da, eta bosgarrena PSEko Mari Carmen Barrenetxea, orain arte bezala.

Igor Oiarbide

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak