Bergarako alkatetza eta Udala utziko ditu Juanje Alberdik

Amaia Txintxurreta Guridi 2015ko aza. 16a, 20:29

Ibilbide profesionalarekin jarraitzeko erabakia hartu du Bergarako alkate Juanje Alberdik, eta urte bukaeran alkatetza eta Udala utziko ditu. Erabaki "gogorra" izan dela adierazi du Alberdik, baina bere taldeak euren proiektu guztiak aurrera eramango dituztela ziurtatu du. Eskerrak eman dizkie EAJri, afiliatuei, bozkatu zieten guztiei eta bergararrei, eman dieten konfiantzagatik. Eta gaineratu du martxan jarriko dutela alkate berria izendatzeko prozesua.

"Herritarrek alkate izendatu nindutenetik bi lanetan ibili naiz; alde batetik, ibilbide profesionalean, enpresa kudeaketan, eta bestetik, Bergarako alkatetzan. Ohore bat izan da Bergarako alkatetza aurrera eraman ahal izatea, baina momentu honetan, nahiz eta arlo bietan gauzak ondo joan, behartu naute erabaki bat hartzera. Erabakia izan behar da edo jarraitzea Bergarako alkate bezala, politikagintzan, ala nire ibilbide profesionalarekin jarraitzea. Eta nire erabakia, familiak esandakoa kontutan hartuta eta etorkizunera begira, izan da nire ibilbide profesionalarekin jarraitu ahal izatea eta sentimendu handiz urte bukaeran alkatetza uztea". Hitz horiekin esan du Bergarako alkate Juanje Alberdik alkatetza eta Udala utziko dituela.

Adierazi du baita ere beretzat politika eta gizartegintza betidanik izan direla "erakargarriak" eta erabaki "gogorra" izan dela. Gaineratu du "ohore bat" izan dela Bergarako alkate izatea. Udal gobernuko (EAJ-PSE-EEko) eta Bergarako EAJren Uri Buru Batzarreko kidez lagunduta eman du jakitera bere erabakia.

Abendura arte

Urte bukaerara arte Udalean lanean jarraituko du eta bere asmoa da aurrekontuak eta dauzkaten proiektuak martxan uztea. Bitartean, Alberdiren ordezkariaren izendapenaren prozesua jarriko dute martxan; bai alkate berria, baita bere zinegotzi kargua ordezkatuko duen pertsona izendatzeko ere. Hori abendu bukaeran edo urtarrila hasieran izan daitekeela esan du.

"Nire ikuspuntutik talde profesional, langile eta ekintzaile hau bezalakorik inoiz ez da egon Bergarako historia guztian", azaldu du. Eta gaineratu, bere taldeak euren proiektu guztiak aurrera eramango dituela "inongo zalantzarik gabe".

Agintaldi hasieratik Maite Agirre zinegotzia dago liberatuta Udalean, eta azken aurreko osoko bilkuran Lander Arregi zinegotzia ere lanaldi erdira liberatu zuten.

Zurrumurruak irten aurretik eman du jakitera bere erabakia alkateak. Izan ere, Alberdi gaur egun ULMA Architectural Solutions-eko zuzendari nagusi da. Baina urte berriarekin batera, kargu berria hartuko du enpresan: ULMA Handling Systems-eko zuzendari nagusi izendatuko baitute.

Eskerrak alderdiari eta herritarrei

Eskerrak ere eman ditu: "Nahiko nuke eskerrak ematea EAJ alderdiari, bertan lanean aritu direnei eta ari diren guztiei, afiliatuei, bozkatu ninduten guztiei, eta baita bergarar guztiei ere emandako konfiantzagatik. Ohore bat izan da. Benetan sentitzen dut hartutako erabaki hau eta espero dut jendeak ulertzea".

Aurtengo ekainaren 13an izendatu zuten Alberdi Bergarako alkate, orain dela 156 egun, hain zuzen. Bergaran jarraian agintaldia bukatzen ez duen bigarren alkatea da; aurreko agintaldian, hain justu, 2013an, Jesus Elorzak bere alkate kargua utzi zuen osasun kontuak argudiatuta, bi urtez alkate bezala egon ostean, eta Jaione Isazelaiari pasa zion orduan erreleboa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak