Agorrosingo %20ko prezio igoeraren aurkako plataforma sortu dute

Maite Txintxurreta 2015ko aza. 13a, 12:28

2016tik aurrera Agorrosin Kirol Guneko erabiltzaileei %20an igoko diete ordaindu beharreko kuota. Udalak erabaki hori hartu zuen guneak eragindako defizitari neurri batean aurre egiteko irtenbide moduan. Orain, erabaki horren aurka  dauden zenbait herritar erabiltzaile elkartu dira eta igoeraren aurkako kanpaina bat jarri dute abian. Udalak esan du gaur egungo defizita "eutsiezina" eta herritar guztiendako "bidegabekoa" dela

Mugimendu horren bultzatzaileetako bat Iban Biaga izan da. Hark salatu du EAJ alkatetzan "herriari hitza emango ziola esanez" sartu zela, "eta gero, egin duten lehenengo gauza herritarren poltsikoa ukitzea izan da".

Igoeraren aurka egiteko beste arrazoi bat, Biagaren arabera, Agorrosingo langileengan eragin dezakeen kaltea da. Esan duenez, "etxe batean gastuak murriztu behar badituzte, kenduko duten lehenengo gauza Agorrosineko abonua da"; horrek bertako langileen lanpostua arriskuan jarri dezakeela esan du, haiengan "kalte zuzena" eragingo duela nabarmenduz."Langileen atzetik ere hor daude haien familiak eta haien ogia", gaineratu du.

Udaletik azaldu zutenez, kuotaren igoera kirolgunearen defizitaren zati bati aurre egiteko ezarriko dute. Biagak uste duenez, arlo horretan Udalekoak "oso optimistak dira, uste baitute mundu guztiak orain arte bezala, bazkide izaten jarraituko duela".
Sare sozialetan aktibo dabiltza mugimendu berri horretako kideak, eta Facebooken orrialde bat ere sortu dute: Agorrosinen%20Ez. 130 kide baino gehiago ditu honezkero orrialde horrek.

Sinadurak batzen

Udalaren erabakiarekiko desadostasuna adierazteko, sinadurak biltzen hasi dira plataforma herritar horretako kideak. Momentuz, Bergarako 22 denda eta tabernatara eraman dituzte sinatzeko paperak, eta leku gehiagotara eramateko asmoa ere badute. Horretaz gain, atzo iluntzean, eguena, Irala kalean postua jarri zuten, pintxo-potea dela eta "jendea kalean dabilela aprobetxatuz".

Sinadura horiek batuz, euren asmoa da "Udalak atzera botatzea bai ala bai erabaki hori", Biagaren esanetan. "Jendea gure alde dagoela ikusten da", diote herri plataformatik: "jendea sinatzen ari da. Azkenean herritarrekiko elkartasuna erakustea da asmoa".

Udalaren erantzuna

Bergarako Udaleko kirol zinegotzia den Sabino Azkaratek adierazi du sortu berri den plataforma horretako kideak oraindik ez direla Udalarekin zuzenean harremanetan jarri: "eskertuko nuke haiekin zuzenean egotea gure erabakiaren arrazoiak azaltzeko". Gaineratu du Udalean zabalik daudela "informazioa eskuratu nahi duen edozein herritarrekin hitz egiteko".

Udalaren arabera, tasaren %20ko igoerarekin "defizit osoa jaitsi egingo litzateke, 1.013.656 eurotik 839.656 eurora (-%17); nahiz eta oraindik handia izan". Oraingo defizita "eutsiezina" eta "herritar guztientzat bidegabekoa" dela dio Azkaratek.

Gaineratu du, igoerarekin ere "oso zerbitzu merkea" izaten jarraituko duela Agorrosingoak, beste herri batzuekin alderatuz: "adibidez, 18 urtetik beherakoentzat abonua 12 euro izango da". Ikasle, pentsionista eta ordaintzeko zailtasunak izan dezaketen bestelako herritarrek %75ean murritzagoa den tarifa bat izaten jarraituko dutela gaineratu du.

Lanpostuen harira, Azkaratek zera adierazi du: "gure konpromisoa da zerbitzuaren kalitatea mantentzea, eta horretarako orain dauden langile guztiak behar ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak