Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga: "Urduri egon arren, oholtza gainean hazi egiten gara"

Maialen Torres 2015ko urr. 10a, 17:20

Julen Murgiondok eta Saioa Galarragak 2013an ekin zioten txapelketetan bikoteka dantzatzeari, euren lehen pausoak Moises Azpiazu dantza taldean egin ondoren. Hasieran bikote onenen mailara ez iritsi arren, iaz eta, batez ere, aurten, euren maila asko hobetu da. Azken urtean lehen hiru postuetan izan dira jokatutako txapelketa guztietan, eta txapel batzuk ere lortu dituzte.

Zenbat orduz entseatzen duzue?

J.M.: Astean, gutxienez, bi orduz. Entseguak ez dira oso luzeak izaten, baina bai intentsitate handikoak. Txapelketetan fandango eta arin-arin koreografia bana dantzatzen dugu, eta horiek entseatzen ditugu egunerokotasunean.

Nola sortzen dituzue txapelketetarako koreografiak?

S.G.: Gure irakasle Maite Lazkanorekin batera prestatzen ditugu. Hark pausoak proposatzen dizkigu, eta gustuko ditugunak aukeratzen ditugu koreografiarako. Horretaz gain, beste bikoteek txapelketetan dantzatzen dituzten pausoei ere begiratzen diegu. Ideiak hartzen ditugu hortik eta hiruron artean erabakitzen dugu zein aldaketa egin gure ukitua emateko.

Ingurukoek nola hartzen dute zuen zaletasuna?

S.G.: Nire kuadrillan gehienak izan dira noizbait dantzariak, eta gustuko dute eurek ere.
J.M.: Nire kasuan, kontrakoa da. Askotan esan didate dantza nesken kontua dela, baina lagunek animatu egiten naute.

Azaroaren 29an Bergaran jokatuko den Euskadiko txapelketan izango zarete. Esperantzarik bai txapela lortzeko?

S.G.: Horretarako lan handia egin beharko dugu, lehenik, eta gero, ikusiko dugu txapelketan zer gertatzen den.

Zein da zuen indargunea?

J.M.: Zalantzarik gabe, hanka fin eta indartsuak izatea. Txapelketetan oso garrantzitsua da abiadura eta bikotea parekatuta egotea, baina, batez ere, indarra ezinbestekoa da koreografia fin eta polit ikus dadin.

Zer duzue hobetzeko?

S.G.: Uste dut gehien landu behar duguna dantzarako dugun jokoa dela. Izan ere, garrantzitsua da gorputz osoarekin dantza egitea, ez hankekin bakarrik. Hori ondo landuta, gure onena emango dugu txapelketan.

Txapelketako presioak uzten dizue dantzaz gozatzen?

S.G.: Entseguetan sufritu egiten da, baina oholtza gainera, jendaurrera, baserritar jantzita igotzean, urduri egon arren, hazi egiten gara daukagun dena ematen dugu oholtza gainean.
J.M.: Irabazten denean berriro egiten da dantza, eta txapela soinean denean asko gozatzen da, baina aurretik bizi dugun tentsioa handia da.

Jarraitzeko asmorik baduzue?

J.M.: Bai; gainera, datorren urtean helduen mailara egingo dugu salto. Badakigu hasiera ez dela erraza izango eta ez ditugula oraingo emaitzak lortuko. Lehen urteak gogorrak izango dira, baina gogoz gaude.

Txapelketako dantzaren etorkizuna nola ikusten duzue?

S.G.: Mutil gutxik ematen dute izena, baina gogoz daudenak hartu, eta lagundu egin behar zaie aurrera egiten, aurrerantzean ere txapelketetarako bikoteak sor daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak