Francesc Mata, Bergarako Ahal Duguko bozeramailea: "Udaletarako hurrengo hauteskundeetara begira egingo dugu lan"

Julen Iriondo 2015ko urr. 2a, 11:08

Berriki egin dute herrian Ahal Duguren zirkulua eratzeko batzarra. 30etik gora lagunek hartu zuten parte, eta lau bozeramaile izendatzea izan zen lanetako bat: Jose Maria Sasieta, Iñaki de Benito, Luis Miguel de Benito eta Francesc Mata dira –idazkari nagusia geroago aukeratuko dute–; laugarrenak erantzun ditu Goienaren galderak.

Zirkulua martxan jartzeko, ikusi zenuten hor bazela espazio bat zuentzat ere?

Maiatzeko foru hauteskundeetan ikusi genuen Bergaran 574 boto lortu genituela. Bergara moduko herri batean, kanpainarik egin gabe, kopuru hori lortzea ez da edozer. Gainera, ohartu ginen bikoiztu egin zela Europako hauteskundeetako boto kopurua. Bazeuden pertsona batzuk Ahal Dugun izena emana zutenak; haiekin harremanetan jarri nintzen, eta zirkulua sortzeari ekin genion. Bergaran 53 pertsona daude ofizialki Ahal Dugun izena emandakoak; ez dago gaizki.

Ze soslaitako jendea da?

Ezagutzen ditugu bakarrik etorri zaizkigunak. Horietan, denetik dago: badira aurrez politikara gerturatu gabeak; Sasieta modukoak, adibidez –Irabazirekin aurkeztu zen udal hauteskundeetara–; ni Kataluniako ezkerreko mugimendutik nator... Bozeramaileak ikusten badituzu, denetik dago: jende nagusia, gazteagoak; hori bai, lanerako gogo handia duen jendea. 

Lehenengo batzarreko emaitzarekin, gustura?

Bai, oso. Ez genuen hainbeste jende espero batzarrean; batez ere, badakigulako jendeak ez duela nahi izaten era bateko ekintzetan ikus dezaten. Onerako harritu gintuen.

Zeintzuk dira zuen planteamenduak Bergararako?

Zirkulua osatzen ari gara. Orain egin behar duguna da lan batzordeak sortu... Hor ikusiko dugu ze puntu diren interesgarriak lau urte barrurako. Hurrengo udal hauteskundeetara begira egingo dugu lan. Baina, bitartean, Udalaren jardun osoa kontrolatuko dugu. Talde bat sortuko dugu osoko bilkuretara joateko, horien edukia aztertu, eta une batean zerbait esateko badugu, esango dugu. Ikusten badugu ekarpenen bat egin dezakegula edo zerbaitetan lagundu behar dugula, hor egongo gara.

Nola jar daiteke jendea harremanetan zuekin?

Facebook edo Twitter bidez, podemos.bergara@gmail.com helbidearen bitartez, eta bloga: podemosbergara.blogspot.com.es.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak