Gurasoen hizkuntza ohituretan eragiteko kanpaina abiatu dute Aranzadi Ikastolako gurasoek

Eneko Azkarate Laspiur 2015ko urr. 1a, 10:56

Bergarako Aranzadi Ikastolako gurasoen Euskara Batzordeak abian jarri du Eta zuk, nola egiten duzu zaunka? kanpaina. Euskararen erabilera bultzatu nahi da kanpaina honekin eta herritarrek, bereziki helduek, gurasoek, dituzten hizkuntza ohituren gainean hausnartzeko bide eman. Mezua zabaltzeko ikus-entzunezko bat egin dute, sare sozialen bidez zabaltzen dihardutena.

Ikus-entzunezkoa Aranzadi Ikastolako gurasoek egin dute, Durangoko Zaunk taldeak egindako bideoari jarraituz, eta Goienaren laguntzarekin. "Ekimenaren helburua da gurasook biltzen garen guneetan kontzientziak astintzea eta euskararen erabileraren inguruko hausnarketa zabaltzea da" adierazi dute kanpainaren bultzagileek.

Gurasoen artean inkestak

Joan zen ikasturtean ikastolako gurasoei inkestak pasatu zizkieten, euskararen etxeko ezagutza eta erabilera datuak jasotzeko asmoz. Ondoren, ikasleen gurasoak biltzen diren inguruetan kale neurketak egin zituzten gurasoen arteko euskararen erabilera neurtzeko. "Inkestetako datuen eta kale neurketetan jasotakoen artean alde nabarmena aurkitu genuela-eta, ikasturte berriaren hasierarekin batera, gurasoen artean euskararen erabilera areagotzeko kanpaina martxan jarri dugu" diote Aranzaditik.

Era berean, adierazi dute Aranzadi Ikastolatik bultzatutako ekimena den arren, "Bergarako gainerako gurasoengan ere eragin" nahi dutela. "Gurasoen arteko harremanak ez baitira hezkuntza zentrora mugatzen" amaitu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak