Kursaalen 'La Traviata' zuzentzeko hautagaien artean dago Valen Moñux

Leire Kortabarria 2015ko abu. 27a, 20:00
'La Traviata'-ren toparen eszena ezaguna.

Donostiako Opus Lirica konpainiak La Traviata taularatzeko lehiaketa deitu zuen, eta hiru finalisten artean dago Valen Moñux eta Alex Odriozola bergararrek egindako proposamena. Eurena aukeratuz gero, biek diseinatutako eszenografia izateaz gain, Moñux izango da taularatze horren zuzendari artistikoa. Erabakia irailaren 15a baino lehen jakinaraziko du Opus Liricak.

Maiatzean deitu zuen Opus Lirica konpainiak I. Nazioarteko Eszena eta Eszenografia lehiaketa, La Traviata noren zuzendaritzapean eta noren eszenografiarekin taularatuko zen aukeratzeko. Estreinaldia 2016ko otsailean izango da, Kursaalen.

Moñuxek dioenez, "abentura gisa" aurkeztea erabaki zuten Alex Odriozolak eta berak. Denetara, 12 lehiakide aurkeztu ziren, mundu osokoak –Espainia, Portugal, Polonia, Italia, Frantzia eta beste herrialde batzuk– eta, zegoen maila ikusita, oinarrietan bi finalista egongo zirela zioen arren, epaimahaiak hiru aukeratu ditu. Valen Moñux eta Alex Odriozolaz gain, Marta Egilior bilbotarra eta Maria Concepción eta María de la Paz Perre ahizpa argentinarrak daude finalean. Moñuxek dioenez, beste bi finalistak "zuzendari zeharo profesionalak" dira.

Bereziki uztailean egin zuten lan handia Moñuxek eta Odriozolak proposamena lehiaketara aurkezteko, uztailean bukatzen zen-eta epea. Proposamenaz oraingoz ezin du ezer esan, bakarrik, oinarriek eskatzen zuten bezala, "parametro klasikoetan" dagoela. Opus Liricak ez zituen proposamen "abstraktuegiak" nahi.

Ilusio handiena, zuzendari izatea

Bergararren planteamendua aukeratzen badute, "sari bikoitza" jasoko dute, izan ere, Valen Moñux izango da eszenografiaren eta baita eszenaren zuzendaria, hau da, eurek egindako proposamenaren arabera antzeztuko dute opera, baina baita bere esanetara ere. "Hori oso ezohikoa da konpainia profesionaletan", dio Valen Moñuxek, eta honako hau gaineratzen du: "Politena, niretako, horixe da: eszenako zuzendaria izatea. Ilusio handiena horrek egingo lidake. Egin izan ditugun ikuskizunetan bi lan horiek egin ditut, eszenografia diseinatu eta zuzendu, baina obra profesionaletan, normalean, lan bakoitzerako pertsona bat egoten da. Oso ondo datorkit planteamendu hau, lan bietan moldatzen naizelako".

Valen Moñux eta Alex Odriozola ohiko lankideak dira; bien artean egin zituzten Peter Pan eta Olentzero & Co. musikalak eta Mozkorra parregarri opera; San Martinen estanpan eta errepresentazioan ere biak aritu dira, eta Bergarako Musika Eskolako zenbait lanetan ere bai. "Lan hauek guztiak egiteko beti izan dugu lagun talde bat, talde teknikoa" dio. Kasu honetan, Moñuxek proposamena egin du eta Odriozola da teknikaria eta eraikitzailea. "Oso talde ona" osatzen dutela dio Moñuxek.

Lehiaketaren azken fasea astelehenean, hilak 31, jokatuko da. Egun horretan, telekonferentzia bidez elkarrizketa egingo diete biei Opus Liricako kide batzuek, eta euren proposamena sakonago azaldu behar izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak