Elvi sabel hiztuna gaur Errotalden

Eneko Azkarate 2015ko abu. 26a, 12:59

Elvi sabel hiztunak Nire maletatxoa ikuskizuna eskainiko du gaur, eguaztena, 20:00etan hasita bergarako Errotalde jauregiko lorategian. Agertoki paregabean eta adin guztietako ikusleei zuzenduta. Uztail-abuztuan herrian, aire librean, antolatu diren hamaika ekitaldietako azkena izango da gaurkoa. Udaleko kultura sailekoak pozik daude udako emanaldiek herritarren partetik izan duten erantzunarekin.

Batez ere uztaileko emanaldiez dihardu Maider osa kultura teknikariak. "Espoloiko musika emanaldiak mundialak izan dira eta jende asko erakarri dituzte, batez ere Ainara Ortega eta Gabacho Maroconnectionenak" dio.

Askotariko eskaintza eta agertoki

Uztailean eta abuztuan, batez ere musika eta zine emanaldiez gozatzeko aukera izan da aurten ere aire librean. Zinema emanaldiek ohiko jende kopurua erakarri dutela dio Osak eta abuztuko datuak esku artean oraindik ez baditu ere, oro har, gustura daudela udako programazioak izan duen erantzunarekin. Uztail eta abuztuko eguaztenek askotariko antzerki eta musika proposamenak ekarri dituzte kalera: Ameztu produkzioak; Ganso & Cia; Gari Montxo eta Joselontxo; Malas Compañias… Azken honen Txatarra kale ikuskizunaren erantzunarekin, esaterako, "oso pozik" azaldu da Maider Osa. Musikari dagokionez, bestalde, Antonio Linzana eta Jon Gurrutxaga izan dira Oxirondo plazan. Munibe, San Martin, Oxirondo, Errotalde…, agertoki bikain izan dira kulturaz gozatzeko.

Irailean ere bai

Gaur Elvi sabel hiztunak eskainiko duena izango da uztail-abuztuko zikloaren amaiera. Ez da izango, ordea, Errotaldeko lorategian udan izango den azkena. Izan ere, irailaren 11n, egubakoitzean, Imanol Ituño magoaren emanaldia iragarrita dago, 18:30ean hasita, jardunen eskutik. Eta, aurretik, irailaren 2an, eguaztenean, Oxirondon, umeendako kale antzerkia izango da Pantxika eta Txinpartarekin, 19:00etan hasita.

Panpinekin batera, umorea, magia eta abestiak eskainiko ditu ordubetez Elvi sabel hiztunak. Elviren lagunekin hamaika abentura bizitzeko prest? "Mattin ume bihurri eta sasijakintsua, haurren laguntza jasoko duen Sissy ahate euskaldun berria eta azkenik Lester Jazz abeslaria den gorila izango dira ikuskizun honetako protagonista nagusiak. Eta bukatzeko gutxien espero dugun lekutik bi panpina sortuko dira... Nor da panpina…?". Halaxe dio gaurko ikuskizunaren aurkezpen orriak.

Barre batzuk egin eta ordubete ondo pasatzeko aukera ederra, hortaz, Errotaldeko lorategian, gaur, 20:00etan hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak