Real-EDF partidua, pintxoa eta tragoa, 3 euroren truke eguaztenean

Leire Kortabarria 2015ko abu. 25a, 20:00
Realaren emakumezkoen taldea. (Argazkia: Real Sociedad).

Eguaztenean, hilak 26, Real Sociedad eta Logroñoko EDF (Escuela de Fútbol) kluben emakumezkoen talde nagusien partiduaz gozatzeko aukera izango dute futbolzaleek Agorrosin futbol zelaian, 19:00etan. 

Bergara Kirol Elkarteko zuzendaritza berriak antolatu du partidua, eta Debagoienean "berritasuna" izango dela azpimarratu du elkarteko kide Pedro Ricok, izan ere, Realaren emakumezkoen talde nagusiak Debagoienean jokatuko duen lehen aldia izango da.

Realaren taldea lehen mailan dabil, eta EDFrena, bigarrenean, baina igotzeko helburu eta aukerekin. Horretarako, hainbat fitxaketa egin ditu, tartean Athletic, Eibar eta Zaragozako jokalariena.

Realak ez dio Errioxako taldeari atsedenik emango, izan ere, bertan daude internazional izan eta Europako txapeldunorde izan diren hainbat jokalari, eta Nahikari Gartzia bezalako izarrak.

Emakumeen afizioa sustatzea, helburu

Bergara Kirol Elkarteko zuzendaritzako kide Manu Diazen esanetan, "eskertzekoa" da bi klubek Bergararen gonbidapena onartu izana. Biek guztiz doan jokatuko dute Agorrosinen.

Sarrerak txarteldegian bertan salduko dira, 3 eurotan. Prezioaren barruan dago pintxoa eta ardo tragoa, Miner Ardoek emanda.

Herriko zale guztiendako eta, bereziki, emakume futbolariendako dago zuzenduta partidua. Helburua da, Manu Diazen esanetan, "futbolean jokatu nahi duten neskendako ere etorkizuna" egon daitekeela adieraztea. Izan ere, zuzendaritza berriaren helburuetako bat horixe da: emakumeen afizioa handitzea eta bultzatzea.

Bergara Hiria

Hori ez da futbol hitzordu bakarra izango datozen egunotan, izan ere, zapatuan, hilak 29, Bergara Hiria txapelketa jokatuko da. Bergara, Aloña Mendi eta Zumarragako Urola taldeek jokatuko dute hirukoa, 16:30ean hasita.

45 minutuko honako partidu hauek jokatuko dira, hain justu ere:

  • 16:30: Urola-Bergara.
  • 17:30: Aloña mendi-Urola
  • 18:30: Bergara-Aloña Mendi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak