Elkoro aske geratuko dela eta, berriz ere elkartu dira Mugituko Da plataformakoak

Txomin Madina Milikua 2015ko uzt. 29a, 13:19

Bergarakoa aske geratzen den egunaren bueltan hainbat ekimen burutzeko asmoa dute, eta hoiren inguruan jardun zuten atzo Santa Anako parkean.

Jose Luis Elkorok Irailaren 3an erabateko askatasuna lortuko duela jakin ostean, bere garaian helburu horrekin sortu zen Mugituko Da plataformako hainbat kidek bilera egin zuten atzo Bergarako Santa Anako parkean.

25 pertsona inguru elkartu ziren bileran, eta berau deitu zutenen hitzetan, atzoko bilerak plataformaren ikurretako bat islatu zuen: aniztasuna. Hala, azaldu dute adin, lanbide eta alderdi ezberdinetako jendea elkartu zela bertan. Bileraren helburua zen Elkorok bete duen zortzi urtetako zigorrari zein amaiera eman erabakitzea. Gauzak horrela, irailaren 3aren bueltarako hainbat ekintza burutzeko ideiak planteatu zituzten. Plataformako ordezkarien esanetan, oraindik zehazteke dauden arren,  ideia asko bota zituzten atzo.

Elkororen askatasuna eskatzeko burututako ekimenen artean, Bergarako udalean legegintzaldi guztietan egondako alderdi politiko guztietako ordezkariak batzea lortu zuten duela urte batzuk. Asmoa da, ahal den heinean, gauza bera lortzea oraingo honetan ere. 

Plataformatik gaineratu dute hori bai, Elkororen askatasuna eta urte hauetan erakutsi duen sendotasuna ospatzeaz gain, gertatu denaren irakurketa eta salaketa ere egin gura dituztela ekitaldiekin.

Hurrengo bilera, abuztuaren 4an

Atzoko bileran alor ezberdinetan lan egiteko lantaldeak antolatu zituzten, eta adierazi dute ekarpenei zabalik daudela. Hurrengo bilera abuztuaren 4ean egingo dute, datorren martitzenean, arratsaldeko 18:0etan eta santa Anako parekan.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak