Debagoieneko eta gertuko eskarmentu handiko artisten lanak Aroztegi aretoan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko uzt. 23a, 19:00

Belaunaldi bereko margolarien eta eskulturagileen lanak bihartik, egubakoitza, abuztuaren 12ra bitartean ikusgai. Inaugurazio ekitaldia, 19:00etan izango da.

Belaunaldi bereko Debagoieneko artista batzuek Eibarko beste hainbat artistarekin egin izan dituzten afarietan sortu zen talde-erakusketak egiteko ideia. "Bakarkako erakusketak egin izan ditugu gehienok, taldekakoak ere bai, baina azken horiek, erakundeek edo galeriek antolatuta; lotzen gaituen adiskidetasunak eta bat egiten dugun korronte artistikoak bultzatuta, erabaki genuen elkarrekin lan egitea", azaldu du Rikardo Azkargortak, Bergarako margolariak.

Bihar, egubakoitza, Aroztegi aretoan 19:00etan inauguratuko dutena taldearen laugarren erakusketa da. "Hiperasia izenburuarekin izan zen lehenengoa, Eibarren; Durangon, berriz, bigarrena, Ibilgonia; segidan etorri zen Zumaiako In Oxford; eta Produzio nazionala da Bergarakoa.

Eskulturak eta margolanak

40 eta 60 urte bitarteko ibilbide handiko artistak dira Aroztegi aretoan batutako guztiak. "Bakoitzak lan bakarra erakutsiko du, ez dago-eta gehiagorako tokirik. Eta, gainera, gustuko obraren bat topatuz gero, erosteko aukera ere izango da, egilearekin harremanetan jarrita".

Erakusketako artisten eta obren ezaugarriak

(Iturria: Rikardo Azkargorta)

  • Fernando de Vicente (Durango) Margolaria. Pintura espresionista abstraktua egiten du. Bi metroko lana erakutsiko du, zintzilikatuta beharrean, lurrean ezarrita.
  • Pello Alberdi (Elgeta) Margolaria. Olio margoak egiten ditu. Zatikatutako azalerako zatien artean sortzen den tentsioa da haren obraren definizioa.
  • Marina Barrena (Eibar) Margolaria. Abstrakzioan oinarritutako pintura egiten du. Berniz eta pigmentuekin plastikotasun atmosferiko handia lortzen du.
  • Asier Laspiur(Eibar) Instalazio egilea. Aroztegin erakutsiko duen lana gizakiaren hauskortasunaren metafora da.
  • Jose Antonio Azpilikueta (Eibar) Margolaria. Olioan egindako figurazio teknikoa. Pintzelkada indartsuekin egindako Eibarko pertsonaia baten irudia erakutsiko du.
  • Marino Plaza (Eibar) Eskulturagilea. Zama ironiko handiko egiturak egiten ditu.
  • Vicente Iriondo (Eibar) Margolaria. Tenpera-pintura egiten du. Lerroa da haren lanetan oinarri nagusia; bi arlo banatzen dituen muga den lerroa da hori.
  • Alberto Ibañez (Eibar) Margolaria. Pintura abstrakzio espresionista egiten du. Grisak protagonista diren obra trinkoa.
  • Aitor Etxebarria (Mendaro) Eskulturagilea. Hondakinekin, zementuarekin, berunarekin... askotariko materialekin egindako Povera ezaugarridun obra.
  • Jose Felix Igartua (Deba) Margolaria. Formen erritmoarekin eta orbanekin jolas eginda egiten du lan, hainbat irakurketa sortuta horrela.
  • Jose Ramon Elortza (Elgoibar) Margolaria. Elementuen abstrakzio geometrikoa; urrunetik airean datozela irudikatzen dute.
  • Juan Luis Baroja Collet (Eibar) Eskulturagilea. Metalekin egindako eskulturak. Soldaduraren bitartez mundu naturalaren figura eta forma alegorikoak sortzen ditu.
  • Barbara Stammel (Alemania-Getaria) Margolaria. Gizakien aurpegiak du gaitzat. Modu zakarrean eta izaera inpresionistarekin egindakoak dira.
  • Keixeta (Zumaia) Eskulturagilea eta margolaria. Eskulturagilea eta margolaria denak, egunerokotasunarekin lotutako elementuak eta seriean ekoiztutakoak arte bihurtuta.
  • Aitor Sarasketa (Eibar) Margolaria. Serigrafia abstraktu seriea erakutsiko du. Koloreak du protagonismo osoa, informazio emozional kodigoak sortuta horrela.
  • Rikardo Azkargorta (Bergara) Margolaria. Figurazio surrealista izaera duen akuarelaz egindako obra. Koadroan agertzen diren elementu sinbolikoen arteko elkarrizketa.
  • Bingen de Pedro (Bergara) Margolaria. Ikusmen-nahasketarako espazioa sortzen duten hiru dimentsioko elementuak.
  • Iñigo Arregi (Arrasate) Eskulturagilea. Euskal eskultura korrontearen oinordekoa. Burdina lantzen du, eraikitzeko eta euskal eskultura ulertzeko beste modu bat erakutsita.
  • Juan Luis Goikolea (Arrasate) Margolaria. Margolari espresionista. Elementu eta klabe sinbolikoekin betetako lanak egiten ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak