Euskarazko filmak aire librean, udako kultura eskaintza barruan Bergaran

Julen Iriondo 2015ko uzt. 3a, 12:51

Musika, kantua, antzerkia, magia, dantza... askotarikoak izango dira herrian uztailean eta abuztuan. Hauez gain, Berumuga zikloko kontzertuak eta beste musika emankizun batzuk ere izango dira.

Pelikulak aire librean ikusteko aukera egongo da, besteak beste, bi hilabeteotan. Hilaren 7an izango da lehena: Gazte harrigarria, T.S. Spivet; emango dituzten sei filmetatik euskaraz izango diren hiruetako bat da hau. Bigarren pelikula izango da uztailaren 21ean: Malefica. Biak izango dira 22:30ean, Seminarioko karpan. Han izango dira euriarekin baina bestela plazan –22:00etan– abuztukoak: Dinosaurioen artean ibiltzen, 4an; Transcendence, 11n; Enderren jokoa, 18an; eta Gran Hotel Budapest, 25ean.

Eguaztenak ere indartsu

Eguaztenetarako ere eskaintza zabala prestatu du Udalak: Ameztu produkzioak taldearen Skratx antzezlanaren ostean, datorrenean –hilak 8– Ganso&Cia taldearen Walkman ikusteko aukera egongo da Muniben, eta hurrengoan Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoen Kontxo, kontxo, plazan. Plazan bertan, Malas Compañias-en Txatarra egongo da hilaren 22an –denak 19:00etan eta euria egingo balu Seminarioko karpan–.

Abuztuan, berriz, Hator magiara –Tor magoa– 12an, eta Elvi sabel hiztuna 26an; errotalden, euriarekin udaletxean, 20:00etan.

Ganbara abesbatza eta beste 

Uztaileko gainerakoei dagokienez: gaur bertan –barikua–, Oñatiko Ganbara abesbatza, 20:00etan Zabalotegin –5 euro; sarrerak Pikupen eta Lazkanon–; hilaren 14an, Marta Camon Botellaren flauta kontzertua, udaletxean, 19:00etan; 19an, 12:00etan, Bandaren kalejira, eta gero kontzertua frontoian; eta 23an, Indonesiako dantzak, 19:00etan plazan.

Erakusketak

Erakusketei dagokienez ere oparoak izango dira uztaila eta abuztua. Gaur bertan inauguratuko da Aroztegin Xabier Agirreren Naturatik hurbil erakusketa, hilaren 19ra arte egongo dena. Uztailaren 24tik abuztuaren 16ra, berriz, Debagoieneko eta Debabarreneko pintoreen eta eskultoreen lanak egongo dira ikusgai, eta abuztuaren 21etik irailaren 13ra Ana Abajo Lazkanorenak. Ordutegia, ohikoa: martitzenetik egubakoitzera 18:00etatik 20:30era, zapatuetan baita 12:00etatik 14:00etara ere, eta domeketan eta jai egunetan goizez bakarrik.

Bestalde, taberna eta abarretan erakusketa hauek daude ikusgai: Kontxi Idigorasen lanak Dixulan; Juan Ramon Zugastirenak, Pol-Polen; Juanjo Altunarenak, Artesanen; Mari San Vicenterenak, Hamaikan; eta Josean Santorcuatorenak, Raizabalen.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak