Maialen Madariaga, Gure Esku Dagoko kidea: "Aurrekoa baino erosoagoa izan da ikasturte hau"

Julen Iriondo 2015ko uzt. 3a, 09:04

Ikasturteko azken bileretan ari dira Gure Esku Dago dinamikako kideak batean eta bestean. Bergaran ere atseden hartuko dute irailera arte. Gustura daude bi urteotan egindako lana herrian ematen ari den emaitzarekin.

Aurtengo ikasturtearen ze balorazio egiten duzue?

Aurtengo ikasturtea iazkoa baino erosoagoa izan da. Herritarrek dagoeneko badakite zer den Gure Esku Dago, eta azalpenak eman beharrik ez dugu izan kasu askotan. Edozein ekintza burutzerakoan, herritarrek, eragile desberdinek, zein merkatariek zalantzarik gabe eskaini digute laguntza. Ekimenak herri mailan harrera oso ona izan duela esan liteke. Ekainaren 21a modu positiboan baloratzen dugu. Bergaratik 520 lagun inguru joan ginen Donostiaraino (internetetik erositakoen kopurua ez dakigu oraindik), eta kopuru polita iruditzen zaigu. Aurtengoan ekitaldirako deialdia agian berandu egin izanagatik, giroa hotz xamar egon da azken egunetara arte. Hori kontuan hartuta, herritarrek emandako erantzuna oso baikorra dela uste dugu.

Saretzea nola joan da? Eta zein da egoera? Herritar asko dago saretuta?

Ia 100 oihal banatu ditugu herrian, eta horrek, 2000 pertsona inguru saretu dela adierazten du. Jaso dugunaren arabera, jendeak oso harrera onarekin hartu du egitasmoa, eta zalantza handiegirik gabe bete du dagokion oihal zatitxoa. Oihalen funtzionamendua azaltzeko zailtasunak aipatu dituzte batzuek, baina denborarekin herritar askorengana iritsi gara.

Eboluziorik ikusten duzue herritarren jarreran Gure Esku Dagorekiko eta erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenarekiko, bi urteko lanaren ostean?

Eboluzio horren adierazle nagusia, ekintzak antolatu ditugunetan jasotako harrera izan da. Gugana edo gure ekintzetara gerturatzen zirenak ez ziren horrenbeste hasieran. Mesfidantza handia sumatzen zen herrian. Denborarekin ordea, aniztasuna eta gardentasuna zaindu, eta gure aldarrikapen bakarra erabakitzeko eskubidea dela adierazten saiatu gara. Hori dela eta, eskubide honen alde daudenak asko direla sumatu dugu, eta gure taldearekiko babesa askok erakutsi digute. Azkeneko Joste Egunean egindako balkoitik balkoirako saioetan adibidez, herritar desberdin askok hartu zuen parte, eta ikusle kopurua ere handia izan zen.

Orain atseden hartuko duzue edo bilerekin-eta segituko duzue?

Aurtengoaren balorazioa egin ondoren, udako oporretan atseden hartuko dugu. Irailean, berriz gogotsu hasiko gara asteroko bilerak egiten. Izan ere, bilera horietan, ekintzak antolatzeaz gain, egiten ari garenaz edo egin behar denaz gogoeta egitea garrantzitsua da.

Eta herriz gaindiko bileretan erabakiko denaren araberakoa izan arren, aurrerantzean zer?

Euskal Herri mailan hartuko diren erabakiek zuzenean eragingo dute gure lan egiteko eran. Dena den, hasieratik saiatu izan gara gure herriko errealitatera egokitu eta horren neurriko ekintzak antolatzen. Horregatik, aldarrikapen honetara gehituko den herritar gehiagorengana hurbiltzeko asmoa daukagu datozen hilabeteetan. Erabakia eskuratzeko bidean ere gure ekarpenak egiteko asmoa daukagu, nola gauzatuko dugun erabaki ez dugun arren.

Zuen taldean, aldaketarik izan da hasi zinetenetik hona?

Taldeak aldaketa handiegirik ez du izan. Arrazoi pertsonal desberdinengatik taldekide bakoitzak konpromiso maila desberdinak hartu ditu taldean. Horrela, asteroko bileretara guztiok joan ez arren, badira tarteka etortzen direnak, edo baita ekintza berezietan beti laguntza eskaintzeko prest daudenak ere. Ateak guztiz zabalik daude herritarrentzat, eta herrian bilatzen dugun aniztasun hori lantaldean egotea oso garrantzitsua da guretzat. Interesa daukatenek: bergarakogureeskudago@gmail.com helbidera idatzi diezagukete.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak