Juanje Alberdi: "Gu ez gara etorri aurrekoek egindako dena behera botatzera"

Julen Iriondo 2015ko eka. 19a, 09:00

UNEDen Arrizuriagako proiektuan beste aukera batzuk aztertuko dituztela onartzen du, dena den, Bergarako alkateak, eta hondakinen gaian ez du galdeketa baztertze.

Udalera iritsi berritan, kokatze lanetan bai baina gai "kritiko" horiekin dagoeneko lanean dihardutela dio alkateak. "Ekonomiaren eta enpleguaren sustapenerako" batzorde bat sortzeko asmoa iragarri du, eta baita saiatuko direla gehiengo osodun Gobernua osatzen; "inor baztertu gabe", onartzen du PSE-EErekin akordioa egitea litzatekeela errazena.

Kezka agertu zuen lehengo Gobernuak Arrizuriagako egitasmoarekin zer gertatuko ote den, EAJ-k gai honetan orain baino lehen erakutsitako posizioa dela-eta.
Lasaitasun mezua transmititu nahi nuke. Gu oso praktikoak izatera goaz. Nahi dugu aztertzea ze aukera dauden, eta erabakiak hartu, baina epe motz-motzean, hurrengo asteetan, hilabete pare batean asko jota; arre edo iso, ez dugu nahi beste lau urtean gai honekin bueltaka ibiltzea.

Ezin da baztertu, beraz, martxan dagoen hori birplanteatzea. Zeintzuk dira aukerak UNED eta Arrizuriagaren gaian?
Nik bere egunean bota nuen ideia bat, orain alde bietan dagoen diruarekin hiru gauzak egin daitezkeela: Arrizuriagan liburutegia jarri, UNEDen egungo lokalak egokitu eta erabilera askotarako aretoa egin. Une honetan gauzak banatuta dauden moduan, Arrizuriaga ondo geratuko zen, erabilera askotarako aretoa ere bai, baina herriaren kargu geratuko litzateke egun UNED dagoen lekuan beste inbertsio batzuk egitea eta hor beste diru bat jartzea. Baina ez dakigu beste ideia horren bideragarritasuna ere benetan nolakoa den. Ikusi behar da ze ibilbide izan dezakeen, eta alde guztiak kontuan hartu.

Zuzenean jarriko duzue bosgarren edukiontzia uste duzuelako bergararrek eman dutela iritzia gai honetan, edo galdetu egingo diezue?
Asmoa da Mankomunitatera joatea eta aztertzea zein den benetako egoera. Gure asmoa da bosgarren edukiontzia jartzea, eta bi prozesu hauekin batera parte-hartzerako ordenantza bat sortuko dugu. Ikusten badugu interesgarria dela parte-hartze prozesua zabaltzea, egingo dugu.  Konpromisoa dugu parte-hartze gai hau martxan jartzeko eta bozkatzeko, ikusten badugu beharrezkoa dela eta jendeak hori nahi duela.

Azken egunetan zabor poltsa batzuk agertu dira kalean utzita. Interpretaziorik egiten duzue?
Ez, oraingoz ez dugu interpretaziorik egiten. Hirugarren eguna dugu udaletxean [eguaztenean], ez gaude gaizki pentsatzen hasteko. Eskatzen dioguna jendeari da orain arte izan duen jarrera bera mantentzea eta denbora ematea guri bosgarren edukiontzia ahal den bizkorren jartzeko.

Jarraituko duzue aurreko Gobernuak martxan utzitako proiektuekin?
Bai, bai. Gu ez gara etorri dena behera botatzera. Ondo daudela iruditzen zaigun gauzei jarraipena emango diegu. Atzera botatzeko edo geratzeko izan behar dira gauza oso-oso-oso, oso txarrak direnak, herriarentzako kaltegarriak izan daitezkeenak.

Laboratorium museoari lotuta aldaketarik aurreikusten duzue?
Laboratoriumean, batez ere, teknikariek egin dute lan handia. Herriarentzako ona da, eta gauzak horrela daudela, aurrera egingo du. Erabaki behar dugu jarri duten datan edo beste baten izango den inaugurazioa, baina ez da gauza kritikoa museorako.

Hemengoaz gain, zure ibilbide pribatuan ere baduzu ardura postu bat; zenbaterainoko dedikazioa eskainiko dio alkateak Udalari?
Hori zehazten ari gara. Gure asmoa bada jendea liberatzea eta ardurak banatzea. Baina nire dedikazioa handia izango da, egunean sei-zazpi ordu sartuko ditut, larunbatekin-eta...

Bereziki esparruren bat eramango du alkateak?
Nire asmoa da ogasunean egotea, hirigintzan Elenarekin [Lete], ekonomia eta enplegu gaietan Sabinorekin [Azkarate] elkarlana egitea, eta gero Gobernua eta...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak