goiena.eus

Dagoeneko ikusgai daude Bergarako Aroztegi aretoan Baionako artisten lanak

  Kultura  Bergara

Maiatzaren 17ra arte egongo da zabalik Galerie des Corsaires elkartekoen koadroez eta eskulturez osatutako erakusketa.

Duela bi urte, 2013ko apirilean, Baionan egin zen sketchcrawl-ean izan zuten lehen hartu-emana Beartekoek eta Galerie de Corsaires, Baionako kortsarioak, elkarteko kideek. Orduz geroztik bi taldeen arteko harremana sakontzen joan da eta horren fruitua da  Bergarako Udalak antolatuta, Aroztegi aretoan zabaldu duten erakusketa, Baionakoen artelanez osatuta dagoena.

Margolanak, eta gehiago

Galerie des Corsaires galerian euren lanak erakusteko aukera izaten dute elkarteko kideek, baina bestelako artistei ere zabalik dago. Gaur egun, esaterako, artista kubatarrak ari dira gonbidatzen eta Bergarakoa bezalako erakusketa kolektiboetan ere parte hartzen dute.

Hala, Aroztegi aretoan, elkarteko kide diren Andre Goupillen, Claude Jammaertsen, MICAren, Julia Ratsimandresen eta Michel Chaloten koadroak  erakutsiko dituzte, denak ere askotariko estilo eta teknikak erabiliz egindakoak. Horiez guztiez gain,  Kubako Oscar Lasseria, Jose Horruitiener eta Nicolas Camue margolarien lanek eta Xiomara Gutierrezen eta Duniesky Loraren eskulturek ere osatzen dute erakusketa

Asteartetik ostiralera, 18:00etatik 20:30era bisitatu ahalko da; zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta domeketan eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa