Bergarako Udalak kendu egingo du euskal presoen alde balkoian jarritako kartela

Marijo Deogracias 2015ko api. 27a, 22:47
Bergarako udal osoko bilkura.

Aldeko hamalau botorekin eta abstentzio batekin hartu du erabakia Bergarako Udalak. Era horretan,  Donostiako Auzitegi Probintzialak egindako eskaria onartzea erabaki du Udal Gobernuak, epaitegietan horren kontra jotzea “ibaira dirua botatzea” litzatekeelako.

Halaxe azaldu du Bergarako alkate Jaione Isazelaiak adierazi diola kontsulta egin dioten abokatuak. Lehendik ere badirela hainbat epai eta ez litzatekeela ezer lortuko Espainiako gobernuaren Euskadiko delegatuak egindako eskariaren kontra epaitegietara joz. Osoko bilkuran bozketa egin ostean egin ditu adierazpenak Bergarako alkateak. Udal taldearen erabakia azaldu nahi izan du, era horretan. Era berean, salatu egin du Donostiako epaitegiak Espainiako gobernuaren Euskadiko delegatu Urkixori men egin izana.

Alkateak, udal taldearen izenean, “borondate politiko irmoa" adierazi nahi izan du "euskal presoen giza eskubideen alde", eta gehitu du euren "konpromisoari" eutsiko diotela lan horretan. Alkatearen iritziz, “bidezkoa den aldarrikapenaren kontra jotzea adierazpen askatasunaren kontra jotzea da. Udalak bere iritzia eta jarrera erakusteko aukera eta eskubidea izan beharko luke gai guztietan, baita ere legezkoa den eskari honetan: euskal presoen eskubideen defentsa, alegia”.

Zabor bilketaren kostua

Gainerakoan, galdera eta eskaeretan izan da bilkuran izan den eztabaida bakarra. Euskal Kontu Epaitegiak kaleratu berri duen atez ateko zabor bilketa sistemaren inguruko txostena hartu du hizpide Euzko Alderdi Jeltzalearen bozeramaile Aintzane Oiarbidek. Udal Gobernuari leporatu dio, “behin eta berriz eskatu duten arren", ez dutela inoiz atez atekoaren kostuaren inguruko informazio zehatzik jaso eta Euskal Kontuen Auzitegiaren txostenak agerian utzi duela, datu zehatzekin, "zabor bilketak dakarren gainkostua”. Oiarbidek salatu duenez, %104ko igoera egon da zabor bilketan. "Kontu epaitegiak arrazoia eman digu eta datu objektiboak dauzkagu mahai gainean, adieraziz bailaran izugarrikoz diru xahutzea egiten ari zaretela atez atekoaren ezarpenarekin".

Salaketa gezurtatu egin du alkateak eta bergararrek hiru hilean behin ordaintzen duten zerga agiria eskuetan adierazi du 2013tik 2015era %3,6koa bakarrik izan dela igoera. Are gehiago, dei egin die herritarrei aldera ditzaten aurreko urteetako fakturak, eta "ohartuko dira igoera ez dela 4 eurora iristen".

Jeltzaleen aldetik egindako salaketari erantzunez, gehitu du alkateak, Debagoiena dela gaur egun gehien birziklatzen duen eskualdea eta "harro egoteko modukoa" dela hori.

Gaurkoa agintaldiko azken aurreko ohiko osoko bilkura izan da. Maiatzaren 18an egingo dute azkeneko ohiko bilkura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak