Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Iker Zubeldia, Uxue Alberdi eta Oihana Bartra bertsolariek hartuko dute parte barikuko saioan. Gai-jartzaile, Iker Iriarte arituko da. Sarrera 8 euro dira eta aurrez kultura etxean eta www.bergara.net helbidean eskura daitezke. Saioaren egunea, leihatilan ere salduko dituzte, 21:30ean hasita.
Ganadua eta Eusko Labeleko produktuak zapatuan
Erramu Zapatuko feriari dagokionez, ohiko bidetik joango da. 09:30ean irekiko dute. Abelburuen erakusketa egongo da, Ibargarai kalean; hegaztiak eta baserriko makineria, Seminarioko jolaslekuan; artisauak, San Martin plazan; eta Fraiskozurin, Eusko Labeleko produktuak.
Horrekin guztiarekin batera, 11:00etan hasita, Bergarako Musika Eskolako trikitilari eta dantza taldeek kalejira egingo dute eta ondoren emanaldiak Fraiskozurin eta Simon Arrietan. 11:00etan, baita ere, euskal oilaskoa dastatzeko aukera egongo da San Martin plazan Aranzadi ikastolak kudeatuko duen txosnan.
11:30etatik aurrera, berriz, ikusgai egongo dira txorimalo lehiaketan parte hartuko duten txorimaloak Ibargarai kalean eta 13:00etan egingo dute sari banaketa.
Zumaiako Inpernuko joareak ere egongo dira eta 11:30ean eta 12:30ean, Bergarako trikitilariek emanaldia egingo dute Ibargarain.
14:30ean, herri bazkaria egongo da Udal pilotalekuan, eta 17:30ean, umeendako zezentxoak Seminarioko patioan. Herri bazkariari dagokionez, lau sarrera geratu ziren aurreko eguenean saldu barik. Hala, interesa dutenak pilotalekutik pasa daitezke zapatu goizean.