Margolariaren heriotzaren mendeurrenaren barruan antolatu dute bihar egingo duten lehen margola-forum horretan. "Batetik, Simon Arrietak Bergarako udaletxean dituen muralen inguruan egingo dugu berba. Horietako bat osoko bilkuren aretora joateko igo behar diren eskaileretan dago; beste bat, zinegotziak bilerak egiteko erabiltzen duten gela batean. Biak ikusiko eta aztertuko ditugu, historikoki zein teknikoki", azaldu du Beart elkarteko Luis Laskurain margolariak.
Hormako pinturen azalpenak ez ezik, Arrietaren Katxutxo margolanaren azterketa ere egingo dute. "Gerra osteko lan bat da, bera Mallorkan egon zen garaikoa, eta horren xehetasunak ere jakingo ditugu", azaldu du Laskurainek.
Margolan-foruma herritar guztiendako izango da irekia. Beart elkarteko kideek margoen gaineko alde teknikoen azalpenak emango dituzte eta Migel Anjel Elkoroberezibarrek, berriz, historia aldekoak.