"Sekula ez nuen pentsatuko saria jasotzera taulara igoko nintzenik"

Monika Belastegi Aranzabal 2014ko aza. 21a, 11:27
Irene Zenitagoia dendan.

Gipuzkoako Bazkundeak, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza-Bulego Dinamizatzaileekin batera, Gipuzkoako Merkataritza Sarien 22. edizioa antolatu du. Hilaren 28an egingo dute sari banaketa ekitaldia eta Irene Zenitagoia bergararrak saria jasoko du bertan, 10 Bitxiak sailean. Sail horretan, Gipuzkoako hamar merkataritza enpresa aipagarrienak sarituko dituzte; lurraldea osatzen dute eskualde bakoitzeko denda bat. Debagoienetik, Zenitagoiak Bergaran duen Gorosti loradenda da saria jasoko duena.

Zorionak! Pozik sariarekin?

Oso pozik nago. Nirea bezalako denda txiki batek halako aitorpena jasotzea oso pozgarria da.

Sariketan parte hartzea hautazkoa da. Zergatik aurkeztu zinen?

Gipuzkoako Bazkundetik sarritan esan didate parte hartzeko; ezaugarriak betetzen nituela eta aurkeztuko moduan nengoela. Beste loradenda batzuetakoek ere animatu izan naute, eta, azkenean, erdi-ezusteko moduan nirekin lanean daudenek izena eman zuten.

Eta zeintzuk dira ezaugarri horiek?

Aurkezpena, erakusleihoa, dendaren ezaugarriak... baina balorazio garrantzitsuena gainerako denda eta enpresek egiten dutena da.

Hain zuzen, irabazlea Gipuzkoako merkatariek aukeratzen dute on line bozketa bidez. Uste duzu gremiokoek zein merkatariek, oro har, zure denda bozkatu izanak are balio handiagoa ematen diola sariari?

Bai, oso poztekoa da; izan ere, galdetegi luze bat bete beharra dago bozkatzeko eta gaur egun, guztiok presaka bizi garela kontuan izanda, pozik egotekoa da, eta eskertzekoa eta baloratzekoa, norberari botoa emateko denbora bat eskaini izana beste dendari eta enpresetako ordezkari batzuek.

Botoa nork eman duen ez da jakiten, baina dendan tokatu izan zait bateren batek esatea bozkatu egin gaituela, eta izugarri eskertzen dugu.

Zergatik uste duzu bozkatu zaituztela?

Oraintxe estutu naiz! Nik uste dut berrikuntzagatik, modernitateagatik, dendaren argiztapenagatik, zabaleragatik, espazioagatik... Egia esan, ez diot inori galdetu zergatik, baina jakin nahiko nuke. Eta egin beharko nukeen galdera da. Bestalde, webgunea zein Facebook oso eguneratuta izaten dugu, eta uste dut bezeroek hori ere baloratzen dutela: bai denda barruko lana, baina baita kanpokoa ere.

Zuk ere hartuko zenuen parte bozketan. Nori eman diozu botoa?

Bai, nik ere bozkatu dut. Azken baten, elkarri lagundu behar diogu. Gipuzkoako Bazkundeak halako lehiaketa bat antolatuta, erantzun egin behar dugu, Bazkundeak berak ikus dezan komertzioak bizirik gaudela eta prest gaudela gauza ekimenetan parte hartzeko. Nik uste dut hori garrantzitsua dela.  
Azken batean, momentuko poztasuna baino gehiago emango du halako sari batek.

Bai, prestigioa ere bai; Bazkundeak  Gipuzkoako 10 Bitxien mapa egiten du eta salmentara eta bezeroei begira oso ona da. Azken baten, zenbat eta nola lan egiten den erakusten du.

Prest zaude hilaren 28ko Donostiako sari banaketa ekitaldirako?

Egia esatearren, urduri nago. Bazkundeak gonbidatuta joan izan naiz, baina sekula ez nuen pentsatuko taulara igoko nintzenik saria jasotzera. Ezinezkoa zela pentsatzen nuen eta 14 urtean, negozioak dituenak, agertokia zapalduko dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak