Komertzioetako hizkuntza paisaia euskaratzeko egitasmoa abiatu dute Bergaran

Monika Belastegi Aranzabal 2014ko ira. 19a, 10:34
Komertzioek agerian dituzten kartel, errotulu, menu eta halakoak euskaraz ere jartzea da helburua.

Jardun euskara elkarteak Bergarako Udalaren laguntzarekin abiatu du eta Idazlaguna izena eman diote. Komertzioetan bistan dauden kartelak, menuak... euskaraz izatea da helburua eta horretan merkatariei laguntzeko herritar boluntario sarea osatu nahi dute.

Proiektuaren abiapuntua, herritar talde batek euskara bultzatzeko erakutsitako gogoa izan da. Hala, herrian dauden euskararen hutsuneak identifikatu eta horiek nola gainditu aztertzen aritu dira. Eta hutsune horien artean, merkataritzako hizkuntza paisaian euskarak izan duen atzerakada nabarmendu dute. Atzerakada horren arrazoien artean hauek aipatu dituzte, besteak beste: batetik, dendari batzuen euskaraz aritzeko gaitasun falta, ziurtasun falta zein gaztelaniaz erosoago sentitzea; bestetik, bezero euskaldunen eskari eza. Hau da, bezero askok nahiago izaten dute kartelak euskaraz ere egotea, baina nahi hori ez dute adierazten.

Kontzeptu garrantzitsua

Hizkuntza paisaia kontzeptua erabiltzen da leku baten, bistan dauden kartel, errotulu eta halakoak izendatzeko; eta hizkuntzaren ikuspegitik, oso garrantzitsua da, uneoro begietatik sartzen zaigunak hizkuntzaren ezagutzan eta erabileran eragin handia duelako. Bada, proiektu honetan, hain zuzen, merkataritza eta ostalaritzako hizkuntza paisaia euskaratzea planteatzen da, "euskara indartzea eta, ahal den neurrian, nagusi izatea:  erakusleihoetan zein lokal barruetan agertzen diren kartelak, jatetxeetako kartak, pintxo zerrendak...

Helburua gauzatzeko, alde batetik, herritarren eskaria helaraziko zaie dendari eta ostalariei, eta bestetik, laguntza eskaini ere bai. Hori horrela, dendari eta ostalariek euren negozioetan jendaurrean erabiliko dituzten testuak euskaraz idazten lagunduko dien herritar boluntario sarea osatu nahi dute gaur egun martxan dagoen Berriketan mintzapraktika programa arrakastatsuaren antzeko formatuarekin.

Nahi duten merkatariendako

Dendari eta ostalariei dagokienez, nahi duten guztiek izango dute aukera egitasmoan parte hartzeko. Interesa agertuz gero, hartuko duten konpromiso nagusia izango da, boluntarioen laguntzarekin, euren establezimenduko errotuluak, menuak, eskaintzak... euskaraz edo euskarazi lehentasuna  emanez jartzea.

Antolatzaileen arabera, proiektu honek merkatariei ondorengo onurak ekarriko dizkie: bezeroei zerbitzu hobea eskaintzea, bezero berriak izateko aukera, sektorekako zenbait material eskuratzeko aukera eta euren aldeko kanpaina positiboa.

Interesa duten dendari eta ostalariek Jardunen bulegoan edo jardun@topagunea.com helbidean eman behar dute izena.

Dendariei laguntzeko taldea

Merkatariei laguntzeko boluntario sarean, euskaraz idazteko gaitasuna duen edozeinek hartu ahal izango du parte. Ez da, euskara maila altua izan beharrik, boluntarioei laguntza eskainiko zaielako Udaletik eta Jardunetik.

Boluntarioak egin beharrekoa izango da dendari bati zein taldetxo bati hizkuntza paisaia euskaratzen lagundu. Izan ere, helburua da, merkatariak berak egitea –ahal duen neurrian– boluntarioak dena eginda eman barik.

Laguntzaile jarduteko interesa dutenek urriaren 15era arte eman dezakete izena, Jardun elkartearen bulegoan eta jardun@topagunea.net helbidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak