Saskibaloia: Datorren denboraldiko Bergara K.E.-ko taldeak aurkeztu dituzte

Maialen Torres 2014ko ira. 14a, 21:02

Atzo aurkeztu zituzten datorren denboraldian Bergara K.E.- ren taldeak osatuko dituzten jokalariak. Hamaika talde igo ziren San Martin plazako oholtza gainera, euren entrenatzaile eta guzti. Horietatik sei neskez osatutakoak izango dira, eta mutilenak, berriz bost. [ARGAZKIAK]

Marian Mellado Bergara K.E.-ko saskibaloi saileko lehendakariak azpimarratu nahi izan du "gazteei saskibaloian aritzeko aukera ematea" dela Elkartearen helburua. Melladoren ustez, garrantzitsua da jendeari saskibaloia gerturatzea, eta "ondo pasatzeaz gain, ikasteko ere balio duen kirol interesgarria" dela argitzea.

Gazteenen matrikula zabalik

Jokalari gazteenek eskolen bidez eman ohi dute izena urtero, eta dagoeneko izen emate orriak banatu badituzte ere, oraindik ez da epea bukatu.

Iaz 60 jokalari inguruk eman zuen izena bide horretatik, eta aurtengo denboraldirako ere kopuru antzekoa espero dutela azaldu du Melladok.

Maila ona

Iaz egindako lanari erreparatuta, Melladok argi adierazi du taldeek maila "ona" erakutsi dutela, eta etorkizunari esperantzaz begiratzen dio. "Datorren ikasturtera begira, aurten erakutsitako maila mantentzea da gure helburua, eta, nork daki, agian hobetu ere egingo dugu" esan du.

Melladok azaldu du jokalarien eta zaleen erantzun onak Elkartearen jardunarekin jarraitzeko gogoak suspertzen dizkiela. "Torneoak antolatzen jarraitzeko asmoa dugu", dio Bergara K.E.-ko lehendakariak.

Izan ere, aipatzekoa da talde batzuek duten zale kopurua. Melladoren arabera, gazteenen taldeek dute arrakasta gehien harmailetan, eta helduenek ere gero eta ikusle gehiago erakartzen dituzte partiduetara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak