Herria zaintzen gelditzen diren horientzako olgeta

Imanol Gallego 2014ko uzt. 25a, 08:41
Errekalden antzeztuko duten 'El carnaval del conde' sainetea.

Abuztua exodo eta oporren hilabetea den arren, hainbat arrazoirengatik herrian gelditzen direnak ere egon badaude. Haiek, baina, hondartzara edo inguruak ezagutzera egingo dituzten txangoez gain, herrian ondo pasatu eta disfrutatzeko aukera ugari izango dituzte.

Opor garaia den arren, gertuko eta sasoiko ekoizle eta erosleek azoka izango dute abuztuaren 6an; eta horren ondoren, Usondon kontzertua egongo da.

Auzoetako jaiak

San Martin jaiak iristen diren bitartean, herriko auzoetako jaien txanda izango da. Abuztuaren 30ean ospatuko duten arren, hilaren 10ean San Lorentzo eguna izango da. Elexamendiko Andre Mariaren eguna 15ean ospatuko dute, San Roke 16an, San Bartolome 24an eta 29an, 30ean eta 31n Osintxu jaiak.

Herritik irten gabe, hilaren 22an (18:00), Turismo Bulegoaren eskutik, Bergara ezagutzeko bisita gidatua egongo da. 20:00etan, Real Sociedad Vascongada de Amigos del Pais elkartearen 250. urteurrenaren harira, Peñafloridako kondeak idatzitako El carnaval del conde sainetea antzeztuko dute (20:00) Errekalde jauregian. Eta 23an, 24an eta 25ean, Bergara Hiria futbol txapelketa jokatuko da Agorrosinen eta Ipintzan.

Abuztuko eguaztenak

Udan sartuta, kultura eskaintza kalera ateratzen da, eta Bergarako parkeak horren erakusle izango dira. Abuztuko lau asteetan, kontzertu eta ikuskizunak egongo dira Bergarako parke ezagunenetan, eta ekimeneko lehen hitzordua astelehenean, hilak 4, izango da.

Berumuga zikloaren agurra

Egubakoitz gauak girotu dituen  musika beltzaren zikloa gaur agurtuko da. Hilabetez aste bukaeraren sarrerari doinua jarri eta gero, Luis Coloma And Paul San Martin bikotearen emanaldiarekin itxiko ditu ateak.
Isiltasunak Espoloia hartu baino lehen, baina, azken emanaldi hori berezia izango da oso. Jolas modura antolatu duten kontzertuan, musikari bakoitzak bere pianoa izango du oholtza gainean. Hutsik egin ezin den proposamen originala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak