Migel Lazpiur: "Adegi eta Diputazioa ezin dira ibili elkarri harrika"

Eneko Azkarate 2014ko uzt. 25a, 10:00

Confebask eta Adegi enpresaburuen elkarteetako buru izan zen Migel Lazpiur (Bergara, 1942). Gaur egun, bere enpresari lotua dago: Bergarako Lazpiur SA. Krisitik irteteko ahaleginak egin dituzte eta badoaz aurrera. 100 urte betetzen dituzte aurten. Alemaniako Forjako erreminten kongresu baten izan dira. Horri buruz dihardu.

Zeren inguruan egin zenuten Berlinen hitzaldia?

Hitzaldi teknologikoa izan zen. Forjarako erreminten fabrikaziorako joeren gainean jardun genuen. Gure enpresak jarduten duen alorrean, Alemaniako kongresuan izan zen bakarra izan zen Lazpiur.

Bi produktu lerro ditu Lazpiur enpresak eta bata da forjako lanabesena, ezta?

Hala da. Batetik, makineria edo ekipo-ondasunak egiten ditugu eta, bestetik, prezisio handiko forjarako tresneria. Hiru teknologia mota darabilgu horretarako, hotzean, bero ertainean eta beroan. Horiekin egiten ditugu trokelak-eta. Mundu osoko 25 lurraldetarako.

Lazpiurrendako zer da era honetako kongresu baten parte hartzea?

Batetik, harrotasun apur bat sentitzen dugu, ohorea delako guretako horrelako foro baten parte hartzea. Bestetik, marketingaren ikuspuntutik ere oso garrantzitsua da.

Bezeroekin edo hornitzaileekin harremanak egiteko aprobetxatu duzue?

Bai, bai, alde horretatik, oso foro garrantzitsua izan da. Mundu osoko 800 bat enpresa zeuden han. Herrialde guztietakoak. Eta hori baliatu genuen enpresa askorekin hartu emanak egiteko. Orain, harreman horiek sakontzen dihardugu. Nahiko genuke etekinen bat atera hortik, bide berriak ireki. Lana eman digu eta ondo gertatu behar izan dugu aurkezpena, baina oso pozik gaude emaitzarekin.

Forjaren sektoreak zenbateko garrantzia dauka ekonomian?

Oso garrantzitsua da. Automozio sektorea, batik bat, baina beste hainbat alor ere batzen ditu. Mundu osoan dauka eragin zuzena. Suspertzen ari diren herrialdeetan-eta asko zabaltzen ari da. Aukera berriak sortzen ari dira.

Confebaskek hobetu egin ditu 2014rako Euskal Autonomia Erkidegorako aurreikuspen ekonomikoak. Zergatik uste duzu dela hori?

Egoera ekonomikoak hobera egin duelako eta hori igartzen hasi garelako. Guk geuk ere hobera egin dugu. Lauzpabost urte larri pasa ditugu, baina munduan barrena ibiltzen ikasi dugu eta arazoei aurre egiten gabiltza. Munduko 25 herrialdetan saltzen dugu gaur. Gerrak edo bestelako nazioarteko gora-beherek ere eragina izaten dute ekonomian, baina, uste dut gauzak ondo egin ditugula, nazioartera zabaltzea ondo egiten dihardugula eta hori oinarrizkoa da gauzak ondo egiteko. Jakina, barruko merkatua ezin dezakegu albo batera laga, baina ezinbestekoa da kanpoan ondo saltzea. Nazio bakoitza mundu bat da: ohitura, moneta, legeak…, ezberdinak dira. Ezinbestekoa da horiek denak ondo ezagutu, harremanak egin, mugitzen jakin…

Krisiak industria-ehuna izorratu du. Zein da euskal industriaren egoera orain?

Kalte handia egin digu. Lehen urteetan ez horrenbeste, baina luzera bai. Sarea kaltetu du. Eta, orain, denon artean, erakunde, enpresaburu, langile, gizarte…, guztiok elkarrekin, industria sarea berregin behar dugu. Kostako da, baina denon borondatea eta indarra beharrezkoak dira.

2014a urte berezia izango da Lazpiurrendako. Izan ere, 100 urte beteko dituzue… Zein da sekretua?

Zerbait berezia badaukagu. Gure aitajauna hasi zen honekin: Jose Lazpiur Agirrebaltzategi. Zapatagintzan hasi zen. 1914an 200 behargin zituen eta Espainia mailan enpresa garrantzitsua izatera heldu zen. Bergarako laugarren edo bosgarren enpresa nagusia zen. Baserritarra zen, baina ikasketak egin zituen eta enpresa ireki zuen. Gerra ostean, nazionalistak zirenez, arazoak izan zituzten eta enpresa itxi egin behar izan zuten. Orduan, gure aita hasi zen atzera ere, puntapaitzak egiten. Tailer txiki batekin hasi zen. Gero, gu, Lanbide Heziketako ikasketak egin ostean, lanean hasi ginen: lehenengo Eibarren eta, gero, Mondragoen. Teodoro Uriarte zenaren enpresan, Industrias Nito-n, hasi nintzen. Tornuan ibili nintzen. Eta, gero, aitaren tailerrean. Balio erantsizko beste zerbaitetan hastera animatu nuen aita eta hala hasi ginen Jose Lazpiur Elkoro tailerrean. Soraluzen egindako Osuma markako tornu bat saltzen zegoen Arrasaten eta hura erosi genuen eta neu hasi nintzen piezak egiten inguruko tailerrendako. Bizikletan hara eta hona ekarri piezak eta horrela. Ikusi genuenean enpresa berria hobeto zihoala, aitak puntapaitzak egiteari utzi zion. Aita ekonomialaria zen. Eta gu teknikoak. Diru kontuak aitak eroaten zituen. Nik uste dut ekintzaile izan ginela aurrera egiteko. Bada, orain, 100 urte betetzen direnez aitajauna hasi zenetik, udazkenean ospatuko dugu mendeurrena.

Zenbat lagun diharduzue gaur egun Lazpiurren?

100 lagunekoa da gure enpresa. Gaur egun 95 izango gara.

Krisiaren eraginez murriztu behar izan duzue lan taldea?

Krisiagatik ez dugu inor bota enpresatik. Aurre-erretiroak hartu dituzte nahi izan dutenek. Gero, batzuk beren borondatez joan dira, arrazoi ugari tarteko. Eta hori egin dugu lau urtetan dirua galtzen egon garen bitartean, emaitza negatiboekin. Urte onak izan genituenez, 2007an pentsatuta geneukan fabrika handitzea eta %15 gehiago fakturatzea. Baina %15 gutxiago fakturatu genuen. Eta hurrengo urtean, 2008an, geneukan proiektu gehienak bertan behera geratu ziren eta pentsatutakoaren erdia fakturatu genuen. Hortik aurrera gora egin dugu, poliki-poliki, asko kostata.

Zela lortu duzue hori?

Galdera hori berori egin zidan Patxi Lopezek lehendakari zela. Sozialista ez nintzela, baina gure lehendakariari errespetua zor geniola esaten nion. Erantzun nion hiru gauza egiten ari ginela krisiari aurre egiteko: batetik, gerrikoa ahal den guztia estutu; bigarren, kanpora irten saltzera, mundu zabaleko merkatuan egon zitezkeen aukera guztiak aprobetxatzera. Eta, azkenik, pertsonak zaindu. Asko kostatu zaigu langileak formatzea eta hori altxorra da.

2009tik aurrera, hortaz, hobera egin zuen egoerak zuenean.

Bai. Azkeneko bost urteotan hobeto gaude, baina, pixkanaka-pixkanaka goaz hobetzen. Mundu osoan ibiliaz. Bestetik, gure lantegian ez dago sailik, prozesuak lantzen dira. Gauzak hobetu daitezke beti, baina guk lortu dugu kostuak murriztea eta gauzak efizienteago egitea prozesuei esker. Prezioei eta kalitateari eutsiz. Hori izan da gakoa. 2006 urteko fakturaziora heldu ez arren, hasi ginen, lehenbizi, ez galtzen eta, ondoren, apur bat irabazten.

Krisia gainditu dugu?

Kostako zaigu. Baina, nire ustez gauza bat egitea premiazkoa da. Moneta politika aldatu. Nora goaz euro indartsuarekin? Beste batzuek guk baino merkeago saltzeko aukera dute. Izan ere, mundu globalean bi moneta daude: dolarra eta euroa. Alemanek euro indartsua nahi dute, baina hori zorakeria da. Gure lehiakideek, txinoek, japoniarrek, amerikarrek, kanadarrek…, moneta daukate haien alde. Guk saltzen dugu produktuagatik eta zerbitzuarengatik, baina euroa merkeago egongo balitz askoz ere gehiago salduko genuke.

Zer egin behar da krisia gainditzeko?

Denok eskutik joan. Arlo publikoa eta pribatua batera joan. Eta, gero, iruditzen zait enpresaburuak ez gaituztela ondo tratatu gizarteak, oro har. Esango nuke egurra jaso dugula alde guztietatik. Enpresaburuek aberastasuna sortzen dute gizartean. Hori aitortzea ezinbestekoa da. Enpresaburu eredu txarrak ere badira, baina onak asko eta asko dira eta horiek balioan jartzea eta egindako lana aitortzea komeni da, nire ustez. Herri arazoa da. Euskadi industriala da. Barne Produktu Gordinaren %30 izan ohi da industria gurean eta beste %20 industriara bideratutako zerbitzuen alorra.

Txakurra eta katua bezala dihardute Adegi eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Zer gertatzen da?

Aurreko foru gobernuekin ondo konpontzen ginen. Asko egiten genuen berba eta arazo edo akatsak konpontzen genituen. Orain apur bat aparte nago eta ez dakit zer gertatzen den zehazki, baina harreman onak behar dira ezinbestez. Uste dut Gipuzkoako Diputazioak ez daukala sentiberatasun berezik Adegirekiko. Hemen bakoitza bere aita eta amarena da. Enpatiarekin eta borondatearekin, eta asko hitz eginda, konpon daitezke arazoak.

Confebask-en zer gertatzen da?

Ni irten nintzenean Miguel Angel Lujua bizkaitarra ipini zuten euskal enpresaburuen buru bezala. Eta ez nintzen horrekin konforme geratu. Lujua ez da industria sektoreko enpresaburua. Mutuaren presidentea da eta hemen behar dugu soldatak pagatzen dituen bat. Orain, haserre dabiltza lurralde ezberdinetako enpresaburuen elkarteak. Lopez de Gereñu idazkari nagusia ere badoa, kokoteraino bukatu duelako.

Eta sindikatuak?

ELAk dihardu gaizki. 2000. urtetik gaizki. Eta krisian gaudenez gero ere bai. Asko egin dut berba haiekin. Txiki Muñozi esaten nion borroka zela haien estrategia, baina etorkizunean ere bide horretatik joatea egoki ikusten zuen. Baietz esaten zidan. Oker daude nire ustez. Enpresak eta egoera bestelakoa da, baina ez dute aldatzen. Horrela ez goaz inora. Eta, LABek ez du lortzen ELAren guardasolpetik irtetea. UGT eta CCOOrekin errazagoa da hitz egin eta akordiotara heltzea. Gogorra da, gero!

Bergara aldeko Enpresare ekimeneko kide zara. Zer iruditzen zaizkizu horrelakoak?

Esperantza handiak ditut. Uste dut atera daitezkeela gauzak hortik. Helburua da bertako enpresei laguntzea eta ekimen berriak bultzatzea.

Bergarako bi enpresa esanguratsu, Candy eta Arcelor ere ez daude beren onenean.

Biak ere kanpoko kapitalen mendean daude. Hori ez da ona. Arcelorren kasuan, duela bizpahiru urte saiatu ginen eskuratzen eta altzairutegia berriro abian jartzen. Proiektua ere bageneukan indiarrei erosteko, eta finantzazio moduak ere bai: enpresaburu batzuk, Kutxabank eta Eusko Jaurlaritza. Mittal multinazionalaren eskuetatik euskal eskuetara pasatzea zen helburua. Aurkeztu genuen proiektua eta interesarekin ikusi zuten Jaurlaritzan, baina ez zen atera. Altzairutegiak ez zebiltzan ondo eta erosteko unea izan zitekeen. Enpresa eta tekniko talde bat gertu ginen. Euskadiren Barne Produktu Gordinaren %8 altzairutegi horien esku dago. Eta lehen mailako transformazio materialak kontuan izanda %16. Hori galtzeko arriskuan dago, kanpoko enpresen esku utziz gero. Herri arazo bat da. Saiatu gara, baina... Irudipena daukat batzuetan ez ditugula gauzak ondo egiten. Gipuzkoan, Adegi eta Diputazioa elkarri harrika…

Bergarako Migel Altuna Lanbide Heziketako eskolak eraikin berria izango du, azkenean… Pozik?

Bai! Hemengo agintari guztiekin honen gainen berbetan jardun dut azkeneko urteotan eta badirudi, azkenean, badoala aurrera. Heziketa alorrean Lanbide Heziketa zentro horretan egiten den lana sekulakoa da. Gure enpresatik ere hainbat proiektu garatzen lagundu dugu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak