Aitor Garitano: "Lasai igotzen naiz oholtzara, ez naiz urduri jartzen, gustura egiten dut Peter Panen papera"

Ane Elordi 2014ko uzt. 20a, 00:00
Aitor Garitano, Bergaran, Peter Pan musikaleko kanten liburuarekin.

Aitor Garitano 14 urteko bergararrak Peter Pan pertsonaia gorpuzten du izen bera duen musikalean. Garitanok musikal bitan hartu du parte, Peter Pan eta Olentzero&Co! ikuskizunetan. Gazteak adierazi duenez, gero eta gogo handiagoarekin gorpuzten du Peter Pan. Hurrengo saioa urriaren 25ean egingo dute Bilboko Euskalduna jauregian, eta sarrerak salgai daude www.kutxabank.es eta www.euskalduna.es webguneetan. Ordurako, gaztea ahotsa lantzen ari da, ahots aldaketak eragindako zailtasunak gainditzen dabil.

Peter Pan izateko aukeratua izan zinenean, nolakoa izan zen zure erreakzioa?

Oso berri pozgarria izan zen. Casting-ean jende askok hartu zuen parte; izan ere, Peter Pan musikaleko pertsonaia guztiak aukeratzeko zen. Proba bakarra egin behar izan genuen, testu zati bat eman ziguten eta ikasi egin behar genuen. Abesbatza ere probara aurkeztu zen, eta berria entsegu baten eman zidaten. Pozez oihuka hasi nintzen.

Urte eta erdi daramazu Peter Pan gorpuzten; zelako balorazioa da? Pertsonaiak aldaketarik izan du?

Ikuskizunean parte hartzeko lehen proba 2012. urtearen hasieran egin nuen, eta ordutik gabiltza Peter Pan ikuskizunarekin. Oso esperientzia polita da, oso gustura nabil, gero eta gusturako igotzen naiz oholtzara. Nahiz eta bi urte igaro diren, pertsonaiak ez du aldaketarik izan, zuzendari artistikoak esandakoa betetzen dut beti.

Nolakoa izan da musikalak eta, bereziki, zuk egindako bidea?

Ba, bidean aldaketak egon dira, bai. Izan ere, hasieran herri mailako ikuskizuna zen, Bergaran aurkeztu genuen, eta ondoren Elgetan. Gehiago zabaltzen hasi ginen, eta hiriburuetara heldu ginen. Orduan, norberak hartzen duen ardura ere handiagoa da, aretoak beteta daudelako. Hala ere, ikuskizuna oso landuta daukagu eta gero eta entsegu gutxiago behar izaten ditugu.

Aretoak bete egiten ditu musikalak, eta hainbeste jenderen aurrean ze sentsazio dituzu?

Egia da norberaren erantzukizuna handiagoa dela zenbait aretotan; adibidez, Kursalean edo Euskaldunan antzezterakoan. Baina ni lasai igotzen naiz oholtzara. Gustura egiten dut, eta ez naiz urduri jartzen.

Antzeztokira salto egin aurretik prestaketa lan berezirik egiten duzu?

Nik bakarrik ez, baina taldean egiten ditugu, bai. Batetik, ahotsa berotu eta lantzeko ariketak egiten ditugu; eta, bestetik, gorputzaren espresioa lantzeko ariketak ere bai. Baina nik ez dut erritual berezirik jarraitzen.

Peter Panek eta Aitor Garitanok badute antzik?

Ez, batere ez. Musikalean pertsonaia antzeztu egiten dut, zuzendariak esandakoaren arabera, beti haren esana betetzen dut.

Nabaritu duzu orain herrian jendeak ezagutzen zaituela?

Bai, nabaritu dut herrian jendea begira geratzen dela. Bergarako eta Elgetako aurkezpenen osteko bi egunetan igarri nuen hori, eta egindako lanaren inguruko iruzkinak egiten dizkizu jendeak.

Musikalean aritzeak musikan ere bideak zabaldu dizkizu, ezta?

Horri esker, Donostiako eta Zumarragako txistulari kontzertuetan hartu dut parte, iaz. Horietan ez naiz Peter Pan bezala aurkeztu, Aitor Garitano bezala baizik. Zenbait bertso eta sehaska kanta bat abestu nituen, eta oso gustura aritu nintzen. 

Antzerkia, aldiz, ezezagunagoa zen zuretako, ezta?

Bai, baina gustura antzeztu dut, ez da zaila izan musika eta antzerkia bateratzea. Gainera, txikiagoa nintzenean, Olentzero&Co! musikalean ere hartu nuen parte.

Datozen urteetan musikan eta antzerkian jarraitzea gustatuko litzaizuke?

Bai, asko gustatuko litzaidake arlo horretan jarraitzea. Orain, piano eta kantu ikasketak egiten ari naiz Bergarako Musika Eskolan, eta urte batzuk barru gustatuko litzaidake kontserbatorioan hastea eta musika ikastea.

----------

Marra azkarrez...

Zure herriko txoko maiteena: Bergarako ikastolako jolastokia. 

Kantu gustukoena: O mio babbino caro abestia, Giacomo Puccinirena. 

Abeslari gustukoena: Eñaut Elorrieta asko gustatzen zait; beste batzuk ere bai.

Aktore gustukoena: Ez daukat aktore faboritorik, ez dut eredurik jarraitzen.

Pelikula gustukoena: Ocho apellidos vascos. 

Animazioko pertsonaia gustukoena: Doraemon ikusten nuen, gehien, txikitan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak