Bergara Garbiak dio galdeketaren lehen egunean parte-hartze "oso handia" izan dela

Txomin Madina Milikua 2013ko aza. 10a, 11:20

Datu zehatzik ez duten arren, Bergara Garbia plataformakoek positiboki baloratu dute hondakinen bilketa sistemari buruzko herri galdeketaren lehen egunak izan duen erantzuna. Goizeko 10:00etan zabaldu dituzte ateak bost hauteslekuek, eta lehenengo minutuetan ilarak ere sortu dira hainbat hautesmahaietan. Bergara Zero Zabor plataformakoen presentziak tentsio momenturen bat edo beste sortu du goizeko lehen orduan, eta ertzainak ere izan dira pilotalekuan.

20:00etan itxi dituzte gaurkoz hondakinen bilketa sistemaren inguruan Bergara Garbiak antolatu duen herri galdeketako hauteslekuak. Josu Leturia plataformako kideak lehenengo egunaren balorazio positiboa egin du, eta datu zehatzik eman ez arren, parte-hartzea oso handia izan dela nabarmendu du.

Lehenengo eguna

Aurreikusita zegoen moduan, 10:00etan hasi da  Bergara Garbia plataformak hondakinen bilketa sistemaren inguruan antolatu duen herri galdeketa. Bost dira denera jarri dituzten hauteslekuak eta Udal Pilotalekuan jarritako hautesmahaietan, esaterako,  lehenengo minutuetatik hasi dira sortzen jende ilarak.

13:00ak inguruan botoa emateko zain zeuden pertsonen ilarek jarraitzen zuten Udal Pilotalekuan. Bergara Garbia plataformako Jose Antonio Aperribai mahairik mahai zebilen zalantzak argitzen. "Ondo doa galdeketa. Jendea gainera gogoz dator, inposaketarekin amorratuta. Ikusten duzue zer nolako ilarak dauden" kontatu digu.

Botoa eman berri zuen Ana Marik argi zeukan galdeketan parte hartzearen arrazoia: " Bosgarren edukiontziaren alde nagoelako etorri naiz. Ez zait inposizioa gustatzen, eta Udalari eskatuko nioke gaurko emaitza onartzea. Nik neuk dena birziklatzen dut. Gainera, zergatik Bergaran kutsatzen du, baina ez Arrasaten edo Donostin?".  Maria Isabel ere gustura agertu da herri galdeketarekin: "Ondo dago galdeketa egitea; orain arte ez dute kasu gehiegi egin, eta nik nahi nuen nire botoa ematea. Herrian zeinek zer pentsatzen duen argitzeko modua dela uste dut".

"Nire herria garbi egotea nahi dudalako emango dut botoa; ezarri nahi duten sistema ez zait estetikoa iruditzen eta ez dut nahi inork agintzea zein egunetan zer atera behar dudan. Hondakinekin gero zer egiten den? Ez dakit, eta uste dut hori  ez dagokigula guri"  esan digu, bere aldetik, Marilik. 

Bergara Zero Zaborreko kideen presentzia

Hauteslekuak ireki baino zenbait minutu lehenago, Bergara Zero Zabor plataformako hainbat kide hauteslekuetara joan dira ikuskatzaile lanak egiteko asmoz, baina Udal Pilotalekuko hauteslekuan bakarrik sartu ahal izan dira. "Aste guztian zehar galdetu diegu ea mahaietan egoteko aukera geneukan, eta atzo gauean esan ziguten ezetz, gure eskaria abstentzioaren alde zela argudiatuz. baina pilotalekua eremu pubikoa denez, ezin digute hemen egotea ukatu", azaldu du Bergara Zero Zabor plataformako kide Unai Arantzabalek.  "Tolosa inguruan egondako sasi-galdeketetan tranpa dezente egin dituzte, eta horrek kezka eragiten digu", eta botoa emateko sistemaren inguruan ere zalantzak agertu ditu: "Ez da errespetatzen pertsona bat boto bat dioen legea".

"Gure helburua da baldintza batzuk ematen direla bermatzea" azaldu dute Bergara Zero Zaborretik. "Ez dakigu zein den errolda eta balorazioak egiteko datuak jasotzera etorri gara: zenbat jende pasatzen den zenbatzera eta ahalik eta informazio gehien jasotzera, gero eurek emandako datuekin kontrastatzeko ", azaldu dute plataformatik.

Hauteslekuan sartzen utzi arren, Udal Pilotalekuan ez diete mahaian esertzen utzi, eta mahaien ondoan jarri dira. Hala, Bergara Garbiko kide batek zera esan digu: "Euren helburua da zein datorren eta zein ez datorren kontrolatzea; jendea beldurtzea botoa ematera ez etortzeko".

Zero Zaborreko kideak ertzainekin berbetan.

Hauteslekuak ireki eta minutu batzutara ertzainak ere gerturatu dira Bergarako Udal Pilotalekura, Bergara Garbia plataformakoek ukatu arren, Bergara Zero Zaborrekoen esanetan lehenengoek deituta. "Esan digute mahai ondoan jarraituz gero identifikatuko gintuztela; gure helburua ez da konfrontaziorik sortzea, eta ondorioz aulkietan eseri gara gure lana egiteko" azaldu du Unai Arantzabalek.

Bihar ere bai

Gaur, zapatua, 20:00ak arte egongo da botoa emateko aukera, eta bihar, 10:00etatik 18:00etara. Parte hartu gura dutenek, bi botoren artean aukeratu beharko dute: bata organikoa 5. edukiontziaren bidez jasotzearen aldekoa, eta bestea organikoa eta errefusa atez ateko sistemarek jasotzearen aldekoa. BIhar 19:00etarako emaitzen berri emango dutela iragarri dute antolatzaileek.

Goienak hondakinen bilketaren galdeketari buruzko jarraipena egingo du, eta Asteleheneko Goiena Paperak jasoko du informazio dena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak