Natura Eguna zapatuan Bergaran

Txomin Madina Milikua 2013ko mar. 5a, 17:12

Martxoaren 9an, hau da, zapatu honetan bertan, Natura Eguna egingo dute Bergarako San Martzialen. Gerriko Berdea izango da natura egun honetako protagonista eta, horren inguruan, hainbat ekimen antolatu dituzte: besteak beste, San Martzialerako ibilaldia, oinez eta ipuin kontalari baten konpainian.

Azken urteotan egin izan duten Zuhaitz Eguna Natura Eguna bihurtu du aurten Bergarako Udalak, eta zapatu honetan bertan egingo dute, San Martzialen. Egun horretan, zuhaitzak landatuko dituzte bai, baina Udalaren beste ingurumen egitasmo batzuekin bateratu eta aberasatuta; Udala azken urteotan garatzen dabilen Gerriko Berdea izango da protagonista.

Gerriko Berdea

Gerriko Berdea natura kontserbatzeko eremu bat da, baita, aldi berean, herritarren aisialdirako eremua ere. Eta zapaturako prestatutako egitarauak biak uztartuko ditu. Gozatze aldetik, Gerriko Berdearen bira erabiliko dute San Martzialera joateko. Ibilbidea oinez egiteko aukera izango da, Amaia Arriaran ipuin kontalariaren eskutik; heldu zein umeendako ipuinak kontatuko ditu ibilbidean egingo dituzten geldialdietan.

Goiauzoan pasiatzen.

Oinez edo bizikletaz

San Martzialerako ibilbidea bizikletaz egiteko aukera ere egongo da, Lokatza Ziklizmo Eskolakoen konpainian. Eta oinez zein bizikletan San martzialera heldutakoan, natura ikuspegia landuko dute.

San Martzial inguruan, besteak beste, Udalaren lurretan dagoen eta 25 metro luze den leize bat ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.


Leizea babesteko egiten ari diren pareta.

Natura egunean parte hartzeko, oinezkoendako hitzordua 10:00etan izango da azoka aurrean. Bizikletan egin dgura dutenak ordu berean abiatuko dira, baina kasu honetan, Agorrosingo ekintza gunetik.

Egitaraua

  • 10:00: San Martzialera igoera, oinez, azoka paretik hasita. Igoeran, Amaia Arriaran ipuin kontalari bergararra izango da gidari. Arriaranek ibilbideko elementuetan oinarritutako ipuin kontaketa egingo du; hiru geldialdi egingo dituzte guztira, Gerriko Berdearen zati hau era originalean gozatzeko.

Ibilbide inguruko ondarea: Moiua dorrea (XVIII. mendea).

  • 10:00: San Martzialera igoera mendiko bizikletan, Agorrosin ekintza gunetik abiatuta. Mendiko bizikletan joatea erabakitzen dutenek Gerriko Berdearen beste zati bat egingo dute: Goiko estaziñua, Artzamendi, San Antonio, eta Zurragatik San Martzialera. Lokatza Ziklismo Eskolako txirrindulariak izango dira igoera honetako gidariak. Ibilbidean zehar geldituz joango dira, bizikleta-jolasak eta hainbat teknika ikasteko.
  • 11:45: Zuhaitz landatzea. Udalak erosi berri dituen lursailetan hariztia berreskuratzeko zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dituzte: haritzak, haginak, sagarminak, gorostiak... 150 bat ale guztira.
  • 12:15: Hamarretakoa, baselizaren aterpean. Udalak egiten diarduen lanen aurkezpena eta 2013ko Korrikaren gaineko berri ematea. "Hizkuntza ere bada naturara hurbiltzeko beste arrazoi edo aitzaki bat", adierazi dute antolatzaileek. Hori horrela, Korrikako kideek ere hitz batzuk esango dituzte eta, Natura Egunari amaiera emateko, Amaia Arriaran ipuin kontalariak euskarari lotutako ipuina kontatuko du. 
  • 12:45: Itzulera, oinez edo bizikletan.

Natura Eguna by Goiena Komunikazio Taldea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak