Kataluniako atez ateko esperientziren berri jasotzeko, Bergarako osoko bilkuren aretoa jendez lepo

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko mar. 1a, 15:02

Bartzelonako Taradell herriko CIU-ko alkateak eman zuen hango esperientziaren berri; ia 10 urte daramatzate atez atekoarekin eta %84ko birziklapen mailak lortu dituztela kontatu zuen.

Kataluniako La Planako Mankomunitateak hamabi herri batzen ditu eta hondakinak gaika biltzen dituzte atez ateko sistema erabilita. Mankomunitate horretako Taradell herriko CIU-ko alkatea etorri zen atzo Bergarara, Lluis Verdaguer, Mankomunitate horretako lehendakaria ere bada Verdaguer eta bertako esperientzia kontatu zuen Bergarako osoko bilkuren aretoan bildu zirenen aurrean.

Pleno aretoa jendez lepo bete zen eta Verdeguerrek kontatu zuen Katalunian lehenengo Mankomunitatea izan zela eurena atez atekoa ezartzen. Mankomunitate horretako lehenengo herriak 2000. urtean hasi ziren atez atekoarekin. Verdaguer alkatearen Taradell herrian, berriz, 2002an hasi ziren sistema ezartzen eta 2004an amaitu zuten bilketa sistema ezartzen. Beraz, ia hamar urte daramatzate atez ateko hondakinen bilketa sistemarekin.

Hasieran herritar guztiak kezkatzen zituen gaia zela kontatu zuen Verdeguerrek, izan ere, herritar guztiei eragiten zien gaiak eta horrelaxe gogoratzen ditu hasierak: “Garai hartan herritarren parte-hartzea ez zen oraingoa bezain bestekoa, baina bizilagunekin bilera asko egin ziren atarteetan eta materiala ere banatu zen. Hasieran gutxiespen kasu batzuk egon ziren, baina oso gutxi, eta geneukan abantaila da partidu politiko guztiak sistema horrengatik egiten genuela apustu”.

Birziklatze datu "oso onak"

Denbora honetan guztian zehar birziklatze datu oso onak atera dituztela ere kontatu zuen Verdaguerrek: “Taradell izan zen 2011n gehien birziklatu zuen herria %84ko portzentajetara iritsita. Beraz, harro egoteko modukoa da birziklapenari dagokionez Kataluniako top 10 zerrendan egotea. Eta orain Taradell herrikoak birziklapena modu zuzenean egiten ez duen herriren batera joaten garenean moduren batera iraindu egiten gaituzte”.

Ohitura aldatze kontua

Herri bakoitzak sistema bere modura egokitu behar duela ere azaldu zuen Vergaduerrek eta atez atekoa ohitura hartzea besterik ez dela kontatu zuen. “Ingurumenarekin kontzientziatu nahi badugu, agian merezi du esfortzu txiki bat egitea ohitura aldatzeko. Azkenean hau hortzak garbitzea bezala da; pereza ematen du baina behin ohitura hartuta, ohartu gabe egiten da” azaldu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak