Udal gobernu taldea: "Bileren emaitza txukuna desitxuratzen ari da modu guztiz interesatuan"

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko mar. 1a, 09:56

Jexux Elortza alkateak egindako deklarazio batzuen "erabilera ezegokiaren" harira oharra bidali du Udal gobernuak. Zehazki otsailaren 14an herriko 100 ataritako bizilagunekin egindako bilerei buruzko balorazioa egiteko prentsaurrekoan esandakoen harira bidaldi dute oharra.

Halaxe dio: "Prentsaurrekoan kazetari batek bileretara joandako pertsonen jarreraz galdetu zion alkateari eta honek erantzun zion orokorrean bilerak ondo joan direla, elkarrizketa bideratu dela eta balorazio ona egiten zuela. Kazetariak, 'bileratara joan diren guztiek izan dute jarrera ona?' –berriz ere–, 'tira, beti egoten da ardi beltzen bat', alkatearen erantzuna".

Bada, oharrean jasotzen denez, "adierazpen hau erabat testuingurutik atera da, eta bileren emaitza txukuna desitxuratzen ari da modu guztiz interesatuan. Izan ere, 'ardi beltza' esanda bilera batean pertsona konkretu batek udaleko ordezkarienganako izan zuen jarrera bortitz eta guztiz gizalegez kanpokoari egin zion erreferentzia alkateak".

Horren guztiaren aurrean argi laga nahi dute "guztiz ez ohikoak izan direla horrelako jarrerak eta, oro har, herritarren aldetik bilerotan egin diren adierazpenak, bilketa sistemaren aldeko nahiz kontrakoak izan, modu txukunean egin direla eta herritarrek oso ondo baloratu izan dutela beraiengana hurbiltzea.

Horrekin guztiarekin batera, barkamena ere eskatzen du Udal gobernu taldeak oharrean: "Ohar horren bitartez barkamena eskatu nahi diegu adierazpen honegatik irainduta sentitu diren herritarrei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak