EAJ: "Aurrez pentsatuta eta jendeak aurre egiteko arriskurik gabe; herritarrak kanpora joaten direnean ezarriko dute atez atekoa"

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko ots. 20a, 18:22

Bergarako Udal gobernuak atarteetan herritarrekin egindako batzarren balorazioari erantzun egin dio Bergarako EAJko Udal taldeak. EAJren esanetan, "Udal gobernuak, herritarrek etxe atarietan esandakoa kontutan hartu gabe aurrera jarraituko du atez aterekin". Era berean, salatu egin dute "Bilduk eta Aralarrek egindako balorazio partziala" eta "bergararrei egindako iruzurra geroz eta handiagoa" dela uste dute.

Bergarako Udal gobernuak otsailaren 14an emandako prentsaurrekoan etxe atarietan bergararrekin egindako bileren balorazioari erantzun egin dio EAJ alderdiak: "Iruzur hau salatu nahi dugu, bergarar guztioi egindako iruzurra", diote. Eta honela zehazten dute: "Gogoan dugu Gabonen aurretik alkateak ateratako bandoa 'bergarar bakoitzarekin' egongo zirela esanez. Prozesu 'parte hartzailea' deitu zion honetan 400 bat bergararrekin egon omen dira. Bada, galdetzen diogu alkateari non geratzen den bere hitza bando bidez egindako adierazpenari dagokionez eta ea nori eta zergatik esaten dioten ardi beltza".

EAJk berretsi egiten du "Udal gobernuari ez diola axola bergararren iritzia", eta "egin dituzten bilera 'parte hartzaileen' helburua zein den" galdetzen diote. Jeltzaleen ustez "erabakita dute sistema, baina ez dute ez EAJko zinegotzioi ez bergararroi azalpenik emateko asmorik", eta helburua bakarra dela gehitzen dute: "Udan, bergarar asko oporretan kanpoan dagoenean atez ateko zintzilikarioak, 4 alturakoak, 6 alturakoak edo ez dakigu ze motatakoak ipintzea. Eta hori esaldi batekin labur daiteke: aurrez pentsaturik eta arriskurik gabe".

"Garbi hitz egin dezala"

EAJko Udal taldeak ez du ulertzen, "herriaren protesta leiho eta balkoietan hilabeteetan ikusi eta etxe atarietan jasotako oposizioa entzun eta gero, Udal gobernuaren jarrera". Eta gehitu dute: "Bergarar gehienak birziklatzearen alde daude, baina ez atez ateko sistemarekin, ez eta atez ateko ontziekin ere". EAJko kideen ustez "argi eta garbi adierazi dute ia 5.000 bergararrek sinaduren bitartez, 5. edukiontzia gehituz birziklatu nahi dutela". Eta galdetzen dute: "Urnieta, Urretxu, Beasain, Zarautz eta Donostian ez dute atez ateko sistemarik ipiniko. Zergatik Bergaran bai?".

"Gardentasuna" eskatzen dute

Hala eskatzen diote Udal gobernuari "gardentasun osoz, intentziorik ezkutatu gabe, garbi hitz egin dezala, behingoz, eta azaldu dezala 97 atariak nola aukeratu zituen, zergatik bakarrik 97...". Atarietan egindako bileren aktak "lehenbailehen udaletxean eskuragarri jartzeko" ere eskatu diote.

Martxoaren 4an abian jarri nahi dituzten auzokako bileren kasuan, berriz, "iruzurrarekin jarraitzeko bilerak izango direla uste dute" eta auzi honi "amaiera lehenbailehen emateko aukera bakarra dagoela uste dute: Herriari kontsulta egitea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak