Hiri hondakinen gaikako bilketa atzeratu egingo da Bergaran

Goiatz Arana Begiristain 2013ko ots. 14a, 18:17

Uda aurretik izango da, baina ez apirilean, aurreikusita zegoen moduan. Momentuz erabakita dagoena da non ipiniko dituzten bilketa puntuak eta martxoan hasiko dela parte-hartze prozesua. Prozesu horretako bileretara aurreko astean eta oraingoan atartez atarte egindako batzarretan jasotako ekarpenak eramango dituzte. 400 pertsona inguruk esku hartu dute atarteetako bilera horietan; oso giro onean egin dituzte, alkatearen esanetan; eta balorazioa "oso positiboa" da.

Aurreko astelehenean hasi eta gaur arte –otsailaren 4tik 14ra–, zazpi egunetan, bilerak egin dituzte herri osoko 700 atarteetatik 100 ingurutan, eta 15 lagunek parte hartu dute bataz beste bilera horietako bakoitzean, 400 bat lagunek guztira. Udaletik balorazio oso positiboa egin dute, eta bilerak giro onean egin dira, gainera, alkatearen esanetan. Gazteen falta sumatu dute, hori bai, eta horregatik asmoa da gaztetxean bilera bat egitea.

Autokritika

Askotariko iritzi, ekarpen, kezka eta kexuak jaso dituzte eta Mankomunitatera bideratzen ari dira horiek orain, aztertu eta bideragarriak diren edo ez erabakitzeko. Bada, baina, batean eta bestean ikusi eta entzundakoetatik ateratako ondorio bat: desinformazioa egon dela. Zentzu horretan, autokritika egin du Jesus Elortzak.

Horren harira, Bergarako alkateak argitu du hondakinak gaika bildu nahi dituztela, baina ez diela hainbeste inporta hori nola eta zein sistemaren bidez egingo den; apustua gaikako bilketaren aldekoa da, gai horiek birziklatzeko ondoren. 

Prozesu parte-hartzailea martxoan

Martxoan hasiko da gaikako bilketaren gaineko prozesu parte-hartzailea, zazpi bilera egingo dituzte denera eta herritar guztiak gonbidatuko dituzte horietan esku hartzera. Atarteetako bilerek emandakotik abiatuta, proposamen batzuk eramango dituzte saio horietara; saio lotesleak izango dira, baina ez da dena erabakiko horietan.

Prozesu horrek, hori bai, gaikako bilketaren ezarpen data atzeratzea ekarriko du. Apiriliean ezartzea zen asmoa, baina ez da hala izango. Uda aurretik izango da, baina data zehatzik ematerik ez dago.

Bilketa puntuen erakusketa hilaren 25etik aurrera

Herri guztian aldi berean hasiko dira sistema berriarekin funtzionatzen, nahiz eta alde zaharrean prozedura beste bat izango den eta horretarako harremanetan dauden Diputazioarekin. Dagoeneko zehaztuta dagoena da zeintzuk izango diren bilketa puntuak eta horren berri herritarrei emateko mapez osatutako erakusketa zabalduko dute udaletxeko pleno aretoan hilaren 25ean. Egun edukiontzi berdeak dauden tokietan egongo dira gehienak eta ez dute baztertzen zenbait puntutan bilketa zintzilikarioekin beharrean beste moduren baten egitea.

Lurpeko edukiontzioei dagokienean, soberan daudela diote, baina aztertzen dabiltza kendu egingo dituzten edo berrerabiltzeko aukerarik ba ote dagoen. Eta auzo-konpostari dagokionez, azkenik, ari dira eskaerak jasotzen eta ez dago epe-mugarik, epeak zabalik jarraitzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak