Auzo-konposta egiteko 15 familiak eman dute izena dagoeneko Osintxun, eta gunea jartzeko proiektua martxan dago. Pilotalekuaren atzealdean dauden etxe berrietako berdegunean jarriko dute Osintxuko lehen auzo-konposta gunea.
Ikastaroa auzotarrek
Leire Iruin ingurumen zinegotziak aurreratu du gunearen itxitura egiteko egurrak eskatuta dituztela dagoeneko. "Itxitura bera egingo dute lehenengo, eta barruan sartu konpostagailuak. Behin muntaketa guztia egin ostean, bilera informatiboa egingo dugu auzotarrekin. Ikastaro txiki bat ere bai, konposta nola egin azaldu eta kezkak argitzeko. Horrekin batera, konpostagailuak familiatan banatu, giltzak entregatu eta funtzionamenduaren oinarrizko pausuak azalduko dizkiegu", gaineratu du Iruinek. Ikastaroa Osintxun bertan egingo dute, baina eguna oraindik zehazteke dute. Auzo-konpostarako izenematea zabalik dago oraindik.