Gaur hasiko ditu Bergarako Udalak hondakinei buruzko bilerak herritarrekin

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko ots. 4a, 09:24

Zozketa bidez aukeratutako hainbat atartetara hurbilduko dira "iritziak bertatik bertara jasotzeko". Udal ordezkarien ustez, saiootan jasoko diren iritziak "oso aberasgarriak izan daitezke hondakin bilketa selektiboaren inguruan datozen asteetan egingo den parte hartze prozesurako".

Herritarren artean hondakinen bilketarako sistemaren gaiak sortzen dituen zalantzak eta urduritasunak ikusita, Udalak herritarrekin bilerak egitea erabaki du euren iritziak bertatik bertara jaso ahal izateko.

Helburu horrekin, Udaleko eta Informazio Bulegoko ordezkariak herriko hainbat atartetara hurbilduko dira bertako bizilagunek hondakin bilketa selektiboari buruz pentsatzen dutena entzuteko. Bilerak gaurtik –astelehena– eguenera egingo dituzte: otsailaren 4an, 5ean, 6an eta 7an, hain zuzen ere.

Iritziak eta zalantzak entzuteko 

Udalak argi utzi nahi du ekimen horren helburua ez dela "herritarrak atez ateko hondakin bilketa selektiboaren inguruan konbentzitzen saiatzea edo eztabaidan jartzea, gerturapen bat lortzea baizik". Hau da, "gaiaren inguruan guztiz aldeko edo guztiz kontrako jarrerak azaldu ez dituztenen iritziak eta zalantzak ere entzuteko aukera izatea" da Udalaren xedea.

Atarteetako saiootan jasoko diren iritziak oso aberasgarriak izan daitezke hondakin bilketa selektiboaren inguruan datozen asteetan egingo den parte hartze prozesurako.

Zozketa bidez aukeratuta

Bergaran 700 inguru atarte daude, baina guztietara era berdintsuan iristea ez da jasangarria, ez ahalegin ez kostu aldetik, Udaletik aurreratu dutenez. Horregatik, zozketa bitartez, lagin bat aukeratu dute.

Laginaren baitan sartu diren atarteetan bileren berri emango duen Udal-bandoa jarriko dela ere azaldu dute Udal iturriek, bertako bizilagunen parte-hartzea eskatzeko.

Saio horietako bakoitzera Udaleko bi ordezkari joango dira bizilagunekin batzartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak