Bergarako EAJ: "Udal Gobernuak bere benetako aurpegia erakutsi zuen asteleheneko bilkuran: inposizioa"

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko abe. 13a, 11:38

EAJk, astelehenean atez ateko sistemari buruzko plenoan entzundakoa entzun ondoren, Bilduri, herri partaidetza eta Herriaren hitza bost axola zaiola salatzen du. Halaxe jaso du erredakziora bidali duen prentsa oharrean. Hemen prentsa oharra.

"EAJren udaltaldeak bergararrei adierazi nahi die azkenean, Bilduk kendu duela kareta eta benetako aurpegia erakutsi duela.

3 orduko pleno luzean, Bergarako gobernuak, alkatea buru duela, argi utzi zuen atez ate sistemari buruzko informazioa ematera behartuta joan zela plenora. Prozedurak behartu duelako alegia. Argi geratu da ez zutela inolako asmorik Apirilean ezarri nahi duten hondakin bilketa honi buruz udaletxean informatu eta eztabaidarik sustatzeko. Salatu nahi dugu baita ere, Bilduko gobernuak gaia desbideratu egin zuela hondakinen tratamenduaren gaira eta hau ez da udalaren eskumena. Atez ate bilketa ordea, bai, baina ez daukate nahikoa argumentu, nonbait, atez ate  bere horretan defendatzeko. EAJk, alkateari eskatzen dio, joku demokratikoa errespeta dezala behingoz eta informa ditzala une oro zinegotziak eta noski, Bergarako herritar guztiak behar bezala eta transparentzia osoz".

"Inposizio hutsa da"

"Baita ere salatu nahi dugu, asteleheneko plenoan, EAJ pleno horren eskatzaile izanda, alkateak ez ziola hitza eman nahi izan taldeko bozeramaileari bukaera arte. 4-5 aldiz eskatu behar izan genuen hitza azkenean lortzeko eta plenoa zergatik eskatu genuen gure azalpena emateko. Salatu nahi dugu ere, ozenkiago gainera, asteleheneko plenoan argi geratu zela erabaki politikoa hartu duela ezker abertzaleak, atez ateko sistema askoz garestiagoa dela, eta alkateak ez duela entzun ere egin nahi beste sistema proposamenik. Inposizio hutsa da, ezker abertzaleak botatako hordagoa eta orain armiarma sarea eraiki behar dute inolako oinarririk gabeko hordago hori janzteko" Ez dute txostenik egin, ez zenbakirik, ez bideragarritasun planik erabakia hartu aurretik. Berdin zaie udalak zorretan sartzea beraien helburua lortzeko. Etxearen eraikuntza teilatutik hasi dute".

"Bergara Garbiari muzin egin zioten"

"EAJ ez dago inolaz ere ados Bergara Garbia plataformari plenoan emandako erantzunarekin. Sinadurei erantzunik zergatik ez dion eman  justifikatzeko ez dituela ezagutzen esan zuen, sinadurak sartzerakoan, sarrera-paperean plataformako bozeramailearen izen abizenak bazeuden ere.

Alkate eta bere gobernuak aurpegirik  gogorrena erakutsi zuten plenoan plataformari muzin eginez, sistema desberdinei buruzko eztabaidak moztuz, eta atez ate puntozko gidatze baimenarekin alderatuz. Alkatearen hitzetan, “Gobernuak atez ateren aldeko erabakia hartu du sistemarik onena delako Bergararentzat eta jendea behartu egin behar da. EAJk argi ikusi zuen asteleheneko plenoan Bilduri benetako herri partaidetza  bost axola zaiola".

"Behartu gabe, bilketa hobeto egiteko gai gara"

"Azkenik, EAJk berretsi egiten du ahalik eta zabor gutxien sortzearen alde dagoela, birziklaiaren alde, ondo egindako konpostaiaren alde eta materia organikoa jasotzeko 5. Edukiontziaren alde. Guretzat eredugarriak dira Urretxu, Zumaia, Urnieta eta 5. Kontenedorearen aldeko benetako apustua egin duten herriak. Herri hauetan adostasunaren alde egin da eta birziklaia eta organiko bilketak nabarmen egin du gora. Hau da EAJren iritziz bidea, jendea hezi, ingurumena zaindu eta Europako Herrialderik aurreratuenen ingurumen helburuetara iristea da. Guk sinesten dugu bergararron konpromezuan eta badakigu behartu gabe, gaikako hondakin bilketa  hobeto egiteko gai garela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak