Bilkuren aretoa lepo bete zen atez atekoaren gaineko osoko bilkura monografikoan Bergaran

Arritxu Barruso 2012ko abe. 12a, 08:15

Atzo, astelehena, egin zen EAJko Udal taldeak eskatutako atez atekoaren gaineko ez ohiko osoko bilkura monografikoa. Bergarako bilkuren aretoan gutxitan ikusi ahal izan da horren beteta. Bergara Garbia plataformako kideak ere bertan izan ziren. Udal Gobernuko kideen eta EAJko zinegotzien arteko eztabaidak luze jo zuen; Ia hiru ordu eta erdi iraun zuen osokoak.

EAJ: "XXI. mendeko despotismo ilustratuaren adierazle zarete"

Atez atekoaren alde egiteko Udal Gobernuak erabilitako argudioak izan ziren, besteak beste, ingurumenarekiko eskaintzen dituen onurak, lortzen den birziklatzen maila altua eta bosgarren edukiontziaren sistemak suposatzen duen kostuaren antzekotasuna.

EAJko ordezkariek informazio eta transparentzia falta salatu zuten eta azaldu zuten atez atekoa sistema garestiagoa dela. Udal Gobernua atez atekoa "inposatzen" ari dela adierazi zuten eta "XXI. mendeko despotismo ilustratuaren izpilua" direla "herriarendako, baina herri gabe".

Zentzu horretan atez atekoaren kontra jasotako 4.700 sinadurei kasu egiteko eskatu zioten Gobernuari.

Herritarrek hitza

Osoko bilkuren aretoan gutxitan ikusi izan den moduan bete zen atzo eta hainbat herritarrek hitza hartu zuten. Herritar batek alkateari eskatu zioten 4.700 sinadurei kasu egiteko. Alkateak azaldu zien bihar, eguaztena, Bergara Garbia plataformako ordezkari batekin bilduko dela 13:30ean eta herritar oro gonbidatzen duela bilera horretara.

Bergarako Zero Zabor taldeko kide baten hartu zuen hitz ondoren. Hondakinen kudeaketan paradigma aldaketa beharrezkoa dela adierazi zuen eta herritarrei lasaitasunezko mezua zabaldu nahi izan zien: "Badakigu herritarrek zalantza asko dituztela. Horregatik eskatzen diegu informazio kanpainetan parte hartzeko. Esan nahi diegu orain egiten dutenaren oso antzekoa izango dela. Ezberdintasun bakarra izango da organikoa ere bereiziko dutela".

Mankomunitatearen datuak

Debagoieneko Mankomunitateko teknikari Ander Elortondo ere izan zen osoko bilkuren eta atez atekoaren bideragarritasun plana aurkeztu zuen. Adierazi zuen, besteak beste, hondakinen tratamendua gero eta garestiago bilakatzen ari dela: 2004tik hona hondakinen tratamendua %215 garestitu da eta igotzen jarraituko duela aurreikusten da. Mankomunitatearen ustez arazoaren konponbidea da zabor tona murriztea. Elortondok azaldu zuen bilketari dagokionean zalantza barik atez atekoa dela garestiena baina, ezinbestekoa dela hondakinen kudeaketa integrala bere osotasunean aztertzea eta hori eginez gero ikuspegi ekonomiko huts batetik ez dagoela aurrez esaterik zein den garestiagoa. Mankomunitearen ustez gastuak murrizteko gakoa da bilketa-modu efiziente bat lortzea.

Zaborraren kuoten gaineko datuak ere eman zituen. Hemendik eta 2016ra bitartean kuota %19,80 igoko da. Lehenengo urtean izando da igoera handiena, %14, baina aurrera egin ahal eta atez atekoa beste herrietan ere inplatatu ahala kuotaren igoera txikiagoa izango da eta 2016an tasa %3 jaitsi egingo litzateke. Bestetik azaldu zuen bilketaren kontratua esleitze prozesuan dagoela eta esleipenaren gastuaren muga 18 milioi euro direla, baina adierazi zuen horrek ez duela esan nahi 18 milioi euro gastatuko direnik.

Herri galdeketarik ez

EAJko ordezkariek behin eta berriz adierazi zuten herri galdeketaren beharra. Alkateak azaldu zuen ez dela herri galdeketarik egongo gaur egun ez delako ezagutzen "atez atekoak bezain emaintza onak ematen dituen beste sistemarik".

"Atez atekoak baino emaitza hobeak ematen dituen sistema bat ipintzen badigute mahai gainean ez daukagu herri galdeketarik egiteko inolako arazorik, baina bosgarren edukiontziarekin hori ez da kasua".

Horrez gain Parte-hartze zinegotzi Jaione Isazelaiak adierazi zuen gai batzuen inguruan ezinezkoa dela herriari hitza eskatzea: "Kutsaduraz ari gara. Ezin dugu galdetu kutsatu bai, edo kutsatu ez. Erantzukizunez jokatu behar dugu. Tabernetan erre edo ez ezin izan dugu aukeratu, osasun kontuez ari garelako. Bada ezin dugu kutsatu edo ez kutsatu aukeratu".

EAJk gogor kritikatu zuen Isazelaiaren interbentzioa. "Harrigarria da parte-hartze zinegotzi batek zuk esandakoa esatea", leporatu zion Aintzane Oiarbide jeltzaleak.

Ordezkari politiko asko

Publikoaren artean ibarreko ordezkari politiko ugari ikus zitezkeean: Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Antzuolako alkateak; Mankomunitateko Ingurumen arduradun eta Arrasateko zinegotzi Josu Pereda; Oñatiko alkate ohi Lourdes Idoaiaga eta Eskoriatzako EAJko zinegotzi Aitor Urrutia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak