Soraluze eta Bergara artean lasterka, Behobiakoaren atarian

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko urr. 31a, 11:18

Azkeneko urteotan indarra hartu duen Antxintxika lasterketaren beste edizio bat jokatuko da oraingo zapatuan Bergaran. Soraluzetik Bergararaino 10.000 metro. Lasterkariak, gurpil aulkietan doazenak zein patin gainekoak. Lasterketarekin batera beste hainbat ekimen antolatuko dituzte: neska-mutikoendako lasterketa herrigune historikoan barrena eta herri kirolak Esait-ekoen eskutik.

Parte hartzea, sariak, antolaketa eta data kontuan izanda, jende asko espero da. "700 lagunendako tokia izango da, modalitate guztiak kontuan hartuta", diote antolatzaileek, Antxintxika Debagoiena Triatloi Taldekoek. Hortaz, parte-hartze handia espero da, Behobia-Donostiaren atarikoan. Izena emateko aukera ere bada oraindik, bihar, eguena, iluntzera arte, hain justu ere. Kirolprobak.com webgunean egin behar da. 20:00etan amaitzen da epea. Azken bi urteetan Dabid Gartzia izan da azkarrena.

Hiru modu

16 urtetik gorakoek har dezake parte, hiru modutan: antxintxika, gurpildun aulkian edo patinetan. Soraluzetik Bergarako San Martin plazaraino, 10 kilometroko ibilbidea. 16:30ean hasiko da lasterketa gurpil aulkietan doazenendako; 16:50ean, patinetakoendako; eta 17:00etan, gainerakoendako. Izen-ematea 13 eta 17 euro artean kostatzen da.

Askotariko ekimenak

Lasterketaren aurretik, 14:45ean, herriko benjamin, alebin eta infantil mailetako neska-mutikoendako lasterketak jokatuko dira San Martin plazan hasi eta bukatuta. Txikienek 400 metroko ibilbidea egingo dute; alebinek, 800 metrokoa; eta infantilek, 1.200 metrokoa, herrigune historikoan barrena. 150 bat lagun espero dituzte karrera horietan.  Eguerdi partean, Esait-en eskutik, herri kirol frogak egingo dituzte. "Halako egun bat oso aproposa da ofizialtasuna aldarrikatzeko", adierazi dute Esaitekoek.

Hiru kamiseten zozketa

Goienak, bestalde, lehiaketa antolatu du, Goiena klubeko kideendako. Galdera honi erantzun behar izango zaio: Nor izan zen iaz lehenengo debagoiendarra? Erantzuna bidali beharko da SMS bidez: KLUBA Erantzuna eta bazkide zenbakiarekin 215800 zenbakira. WhatsApp bidez ere parte hartu ahal izango da 688 69 00 08 zenbakira erantzuna eta bazkide zenbakia bidalita. Parte hartzaileen artean hiru kamiseta zozkatuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak