Jokin Etxabe, Lokatzako txirrindularia: "Denboraldi erregularra egiten ari gara; bai ni eta baita taldea ere"

Usoa Agirre 2012ko ira. 3a, 13:33

Txirrindularitzako denboraldia bukatzen ari da eta aurtengoaren balantze positiboa egin digu Jokin Etxabe Lokatza Ziklismo Eskolako Sumofic-Igartua taldeko bergararrak.

Denboraldi hasieran bazirudien Mikel Aristi, Eneko Lizarralde eta Hodei Orobengoa afizionatuetara joan izanak hutsune handia lagako zuela taldean, baina gazteek erakutsi dute badutela indarra eta aurrean ibili dira: "Taldea oso ondo ibili da aurten eta oso ondo erantzun du momentu zailetan, nahiz eta batzuetan ezin izan dugun errematatu taldeak egindako lan ona", esan digu Etxabek. Aurtengo lasterketen artean, Gipuzkoako Itzulian jokatutako gogorrena azpimarratu digu: "Taldeak lan ona egin eta gero anaiak eta biok apurtu egin genuen lasterketa eta oso emaitza ona lortu genuen Caja Rural moduko talde baten aurrean; anaiak lehenengo eta nik bigarren bukatu genuen etapa".

Espainiako Txapelketa

Abuztuko azken aste bukaeran jokatu zen Espainiako txapelketa Kantabrian eta bertan izan zen Jokin Etxabe Euskadiko selekzioarekin batera. Lehenengo 15en artean ibili ziren taldekideak mendateetan gora eta behera, baina lautada batean lasterketa zatitu eta bigarren taldean sartu zen Etxabe, 18. postuan bukatu zuelarik. Oso esperientzia ona izan dela esan digu: "Selekzioan lan handia egin zuen Espainiako txapelketan eta taldeko zortzi txirrindularietatik hiruk bukatu arren, taldeka bigarren postuan bukatu genuen".

Denboraldiko lasterketa guztietan izan da Etxabe eta denboraldia erregular doala esan digu: "Lan handia eginez denboraldi erregularra egiten ari gara; bai ni eta baita taldea ere. Orain denboraldia bukatzeko garaipenen bat lortu nahiko nuke". Izan ere, bigarren postuan bukatu duen bi lasterketetan anaia bikiak irabazi dio aurreko lehia eta arantzatxo hori kendu nahi du garaipenen bat lortuz. Hurrengo zita garrantzitsua Beasainen izango dute bi aste barru; Espainiako talderik onenak izango dira bertan.

Datorren urtean, afizionatuetan

Gazte mailan azken urtea du hau Jokin Etxabek eta datorren urtean afizionatuetan arituko da. Bi mailen artean "jauzi handia" dagoela esan digu, baina "gogoz eta indarrez" ekingo diola lanari maila horretan ere. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak